Gipuzkoako Foru Aldundiak ixteko erabakia bertan behera uzteko eskatu dio Gallardori

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2013ko mar. 22a, 15:16

Gipuzkoako Foru Aldundiak Corrugados Azpeitia ixteko erabakiarekin atzera egiteko eskatu dio, enpresaren bideragarritasuna berma dezan. Aldundiak azaldu duenez, Hego Ameriketako herrialde batean hilabetean 10.000 tona altzairuko eskaera egiteko negoziazioa oso aurreratua zuen, "honek gutxienez hurrengo sei hilabeteetarako lana bermatzen zuen". Azpeitiko planta ixteak 300 langile langabeziara bidaliko dituela eta Urola inguruko enpresa txiki askorentzat "kolpe handia" izango dela azaldu du Aldundiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin duela bi aste baino gutxiago bildu ziren Gallardo Taldekoak, aurrez aipatutako altzairu eskaeraz hitz egiteko, baina orduan ixteko asmoa zutenik ez aipatu izana salatu du Aldundiak. "Are gehiago, aurrean jarri zitzaion altzairu eskaerari ez zion jaramonik egin eta oso interes gutxi azaldu zuten. Jarrera kezkagarri honek argi erakutsi zuen Gallardo Taldearen asmoa, enpresa itxi eta Azpeitiko 300 familia lanik gabe uztekoa zela, eta taldeak Getafen duen enpresaren aldeko hautua egina zegoela".

Gallardo Taldeari irtenbideak bilatzen segitzeko eta enpresa ixteko erabakia bertan behera uzteko eskatu dio. "Aldundiak ez du onartzen enpresaren itxiera denik aukera bakarra eta Urola inguruko enpresa indartsuena izan denarentzat bideragarritasun plana zehaztu dezatela exijitzen du".

Corrugados Azpeitiaren lan gatazkan, enpresa eta langileen artean bitartekari lana egiten, "esfortzu berezia" egin du Aldundiak Azpeitiko Udalarekin batera.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, gainera, "bidegabetzat" jo du lantegia ixteko erabakia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide