Zilarrezko Adecco ligako fase erregularreko azken jardunaldiak Aurteneche Maquinaria Euskadi eta Azpeitia Azkoitia ISB elkartu ditu Mendizorrotzan, igoera kanporaketak hasi aurreko azken neurketa eta azken derbyan. Fernando Buesa Arenan jokatu den arabar-gipuzkoar derbyaren antzera, Mendizorrotzan ere arabarren eta gipuzkoarren arteko lehia ikusia ahal izan da. Hori bai, hemen azken sailkapenerako asko zegoen jokoan. Iurgi Caminosenek hirugarren postuan amaitu nahi zuten eta horretarako irabazi eta beste emaitza batzuen zain gelditu beharra zeukaten. Iñaki Merinorenek berriz, zazpigarren postutik seigarrenera saltoa eman eta Iraurgi zazpigarrenera bidaltzeko aukera ez zuten baztertu nahi. Biak hala biak, azken jardunaldi txarrak egitetik zetozen eta playoffak hasi aurretik sentsazio positiboak berreskuratu nahi zituzten.
Neurketa bizi-bizi hasi da. Erasoan asko asmatu dute bai talde batek eta baita besteak ere. Alvaradok eta Eliasek min egiten bazuten alde batean, bestean Kearse eta Lasa ziren behin eta berriz puntuak lortzen zituztenak. Etxekoek zeramaten hori bai markagailuko iniziatiba. Arrutik kanpotik asmatu du eta defentsa pixka bat zabaltzera behartu ditu Iraurgikoak. Hori dela eta, Hedgepethek ere min egiteko aukera izan du. Baina errebotea nahiko ondo itxi dute ISBkoek eta gainera erasoan gauza positiboak ateratzen hasi dira taula azpian. Pantinek Eliasi bigarren falta atera dio eta markagailua oso parekatua eramatea lortu dute. Lehen laurdenaren amaieran: 17 eta 16.
Bigarren laurdena askoz ere hobeto hasi du Azpeitia Azkoitia ISBk. Baloia ondo mugituaz eta barruko jokoa bilatuaz, saskiratzeak eta aldeko faltak lortu dituzte behin eta berriz. Buesaren hirugarrena, Hedgepethen bigarrena… Arabarrek ezin zuten Iurgi Caminosenen jokoa gelditu. Pantinek eta Zubizarretak 2+1ekoa lortu dute jarraian eta 2 eta 8ko partzialarekin Iñaki Merinok hutsartea eskatu behar izan du. Iraurgi baina askoz ere hobeto defendatzen zebiltzan eta etxekoek arazo askotxo izan dituzte erasoan Juanpe Garcia agertu den arte. Hegalekoak bost puntu jarraian sartu ditu eta gipuzkoarrek erasoan izan duten txakal-aldi txiki bat aprobetxatu du neurketa berdintzeko. Mikel Motosek ez zuen Garcia baino gutxiago izan nahi eta Lasarekin batera berriz ere alde pixka bat zabaltzea lortu dute. Partidua parekatuta zioan, baina oraingoan markagailuko iniziatiba Azpeitia Azkoitia ISBrena zen. Guille Justo berotu egin da, bai erasoan eta baita protestak egiterako orduan ere eta teknika adierazi diote. Hori etxekoek aprobetxatu dute markagailuan aurretik jartzeko berriz. Hala ere, Justok sartutako azken saskiratze bati esker 41 eta 42 joan dira atsedenaldira.
Justo bero zegoen eta hirugarren laurdena ere hirukoa sartuta hasi du. Ibargutxik baina hirugarren falta egin du berehala eta baliabide bat galdu du Iurgi Caminosek. Errebotea ondo zaintzen zebiltzan baina gipuzkoarrak eta saskiratze trukaketa hasi denerako 6 puntuko aldea zeukaten patrikan. Etxekoek ahaleginak ahalegin minutu askoan abantaila hori ongi kudeatzen jakin dute kanpotarrek, baina laurdena amaitzeko bi minuturen faltan bi hiruko jarraian sartu ditu Araberrik eta neurketa berdintzea lortu du. Hortik eta amaiera arte parekotasuna ikaragarria. Batek jo, besteak erantzun eta azkenean 62nako berdinketa.
Hirugarren laurden amaiera behin eta berriz asmatuz amaitu baldin badute bi taldeek, laugarrena hutsetik hutsera hasi dute. Baina hutsetan gehien asmatu duena etxeko taldea izan da. Markagailuan lortu duten aldea baina ez da gehiegizkoa izan eta Azpeitia Azkoitia bizi-bizirik mantendu da eta Justok aurretik jarri ditu bereak 5 minuturen faltan (69 eta 70). Epaileekin kexu ziren gipuzkoarrak, arabarren defentsan egindakoak baino falta gutxiago adierazten zituztelako eta burua pixka bat galdu dute. Forbesek aprobetxatu du hori eta hiruko batekin bosteko aldea eman dio bere taldeari. Iurgi Caminosek hutsartea eskatu du eta bere taldeak erantzun egin dio. Justok partidua berdindu du hiruko marratik baina Garciak marra beretik erantzun du. Azken minutura kirioak dantzan iritsi dira guztiak. Kearse protagonista bilakatu da. Hiru jaurtiketa libre jarraian sartu ditu eta defentsan bi baloi berreskuratu. Sei segundoren faltan, baloi jabetza Azpeitia Azkoitia ISB zeukan eta 80nako berdinketa markagailuan. Iurgi Caminosek bere arbelean marraztutako jokaldiak Justori baloia ematea eskatu du, baina honen jaurtiketa ez da sartu eta luzapenera iritsi da partidua.
Bost minutu estra horietan Forbesek hartu nahi izan du etxekoen partetik erantzukizuna erasoan eta kanpotarrek ezin izan dute gelditu. Gutxika-gutxika aldea zabaltzen hasi dira Iñaki Merinorenak. Bi minutu faltan 6ko aldea zuten Aurtenechekoek baina partidua ez zegoen erabakita. Ibargutxik hirukoa sartu, baloia berreskuratu eta esperantza printza bat piztu da. Baina gogoa ez da beti ahalmena eta Lasa hiruko marratik ahalegindu bada ere ez du saskiratzerik lortu. Azkenean, parekotasunean, Aurteneche 92 eta 87 nagusi. Beraz, Azpeitia Azkoitia ISB zazpigarren postuan amaitu du fase erregularra eta apirilaren 6/7an Azpeitian jokatuko du igoerako kanporaketetako lehengo neurketa Clínicas Rinconen aurka.
Saskiratzaileak: (17-16/41-42/62-62/80-80/92-87)
AURTENECHE MAQUINARIA EUSKADI: Arruti (19), Forbes (17), Alvarado (11), Elias (10), Hedgepeth (12) –hasierako bostekoa- Uriarte (3), Carrera (6), Garcia (14), Martinez de Agirre, Fernandez de Retana eta Buesa.
AZPEITIA AZKOITIA ISB: Justo (22), Kearse (19), Ibargutxi (3), Lasa (14) eta Pantin (11) –hasierako bostekoa- Zubizarreta (5), Motos (11), Fohler, Barberena eta Guridi (2).