Martxoaren 20an sinadura bilketa bati eman genion hasiera. Sinadura bilketa horren bidez, 197/2006 doktrina indargabetzea, eta doktrina hori aplikatuta duten preso guztiak, tartean gure herritarra den Juan Karlos Arruti Paterra, berehala aske uztea eskatu nahi dugu.
35 urte pasa dira Paterra-k Azpeititik Ipar Euskal Herrira alde egin beharra izan zuenetik. 1981eko otsailean Komando Autonomo Antikapitalisten aurkako sarekada batean atxilotua izan zen, eta urte bereko azaroan Marseillako espetxetik atera eta urte bete inguru konfinatuta egon zen Mauriacen (Frantzia). Hainbat urtez sasian ibili ostean, 1989ko irailaren 16an Oiartzungo ordainlekuan preso hartu zuten. Urte guzti hauetan 14 kartzelatatik pasa da, Frantzian zein Espainian, eta egun Kordobako kartzelan aurkitzen da, Azpeititik 780 km-tara. Irteera data, ezarritako kondena amaitu ostean, 2009ko irailaren 10ean finkatuta bazuen ere, 2010eko otsailean 197/2006 kondena ezarri zioten, ondorioz bere kaleratzea 2019. urte arte luzatuz, 30 urte luze. Paterra-z gain beste 71 euskal preso aurkitzen dira espetxean doktrina hau aplikatzearen ondorioz.
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak martxoaren 20an berraztertutako espainiar gobernuaren helegitearen inguruko erabakia Auzitegi honek aurretik emaniko ebazpena berrestea izango dela espero badugu ere, hau ez da ziurra, eta aurrekoa berretsita ere lanean jarraitu beharko dugu 72ak etxean izan arte. Hau horrela, martxoaren 20tik maiatzaren 18 arte (Elkartasun Eguna ospatuko da egun horretan) iraungo duen sinadura kanpaina honetan lortutako firmak Udalera, Arartekora, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eta Espetxe Instituzioetara bideratuko ditugu , eta nahi duen herritar orok aukera dauka firmatzeko ostiralero 18:00etatik 20:00etara bitartean herriko plazan egongo den mahaian, gaztetxean, herriko hainbat tabernetan, ikastetxetan nahiz lantegietan.
Sinadura bilketaren jarraipena azpeitiaherrira.com web-orrian
Kordobara martxa
Bestalde, martxa bat antolatu dugu Paterra aurkitzen den espetxera, Kordobara, eta ekainaren 7 eta 8ko asteburuan egingo da irteera, gure elkartasuna berari adierazi asmoz. Besterik gabe, herritar denok gonbidatuta zaudete martxara, bai eta zuen sinaduraz bidegabekeria honi amaiera ematen laguntzera ere. Guztion konpromezuaz lortuko dugu!