Oier Ibargurenek eta Lagun Onakek ezin hobeto hasi dute denboraldia kadete mailan. Laugarren lasterketa zuten aste honetakoa Beasainen, eta Ibargurenek hirugarren aldiz jarraian garaipena Azpeitira ekartzea lortu zuen.
Lasterketan zehar ihesaldi saiakera ugari egin ondoren, Alegitik bueltan egin zen egiazkoa eta hirukotean aurkitzen zen Oier. Erasorik jo gabe, erritmoa gogortuz soilik, gurpiletik ateratzea lortu zituen beste biak eta Lierni pasatzean bakarrik aurkitu zen, bakarkako jazarpen proba baten gisa 7 kilometro egin behar izan zituelarik. Erakustaldi honekin, beraz, garailearen txapela lortzeaz gain, tarteko helmugako eta mendiko saria ere bereganatu zituen txirrindulariak.
Atzean, pelotoian, aurkitzen ziren mutilak ere ez ziren atzean gelditu eta helmugan postu oso onak lortu zituzten, hala nola: Unai Orbea 8., Aitzol Odriozola 17., Mikel Aizpuru 33., Kepa Unanue 46., eta Antton Sanjuan 60. Postu hauei esker taldekako saria ere Lagun Onakentzat izan zen.
Jubenilei dagokienez, Antzuolan izan zuten lasterketa. Partaidetza benetan ona izan zuten, kanpotik etorritako jende ugarirekin. Horrek proba asko zaildu eta azkartu zuen, ia 42ko bataz besteko abiaduran aritu zirelarik txirrindulariak. Uzarraga gainean zegoen helmugan Castillo de Ondako Jaume Sureda gailendu zen 11 partaideko ihesaldi bikain bati amaiera emanez. Andoni Gurrutxaga izan zen azpeitiarretan lehena, 45. postuan helmugaratuz.