Martxoko Uztarrian Azpeitiko udaltzainek galdutako gauzentzako duten gordailuaren argazkia ikusi ostean ondorengo eskutitz hau idazteko beharra piztu zait. Pasa den saninazioetan kartera galtzean Azpeitiko udaltzainekin izandako gora-beherak elkarbanatu nahi nituzke zuek guztiokin.
Taberna batetik ateratzean poltsa irekita nuela eta kartera falta zitzaidala ohartu nintzen. Eskuluzeren baten lana seguraski. Zuzenean udaltzainetara jo nuen eta hauek jende dexenteri gertatu zitzaiola esanaz kontsolatu ninduten nire kartera berreskuratzeko aukera murritzen aurrean. Ondorengo egunetan ezer agertu ez bazen ere, pare bat hilabete pasa ostean kalean topo egin nuen udaltzain batekin eta hark nire kartera agertu zela esan zidan, nahi nuenean pasatzeko proposamena luzatuz. Hura nire poza! Egun batzuk pasatuta bertaratu nintzen eta misteriotsuki nire kartera falta zen Uztarriako argazkian ageri den gordailutik. Udaltzainek ez zekiten zer pasatu zen, baina kartera ez zen inondik ageri. Lasai egoteko esan zidaten, hobeto begiratuko zutela eta handik egun batzutara berriro. Bigarren saiakeran ere, ordea, ez nuen nire kartera lortu, eta udaltzainak bertako idazkari batek zaborretara bota zuela argitu zidan. Kartera polit eta egoera onekoa, zaborretara? Susmagarria bezain onartezina iruditu zitzaidan. Egoera horren aurrean kexa bat aurkeztu nuen, baina alferrikakoa izan zen. Kartera zaborretara bota zuen emakumearekin hitz egitekotan joan nintzen hurrengoan udaltzainetara, azalpenen bat emango zidalakoaren esperantzan, baina bere hitzek txunditurik utzi ninduten; besteak beste, "no es para tanto, si era una cartera de mierda" izan zen bere erantzunetako bat. Eta bai, irakurri ahal dezuen bezala gazteleraz hitz egin zidan, euskaraz hitz erdirik egin gabe.
Benetan atsekabeturik eta harriturik utzi ninduen Azpeitiko Udaltzaingoaren profesionaltasun ezak. Ondoren, udaletxean jarri nuen kexa, baina oraindik erantzunaren zain nago. Guzti honegatik, Uztarrian ikusitako argazkiak hau idaztera bultzatu nau. Hau al da gure herriak merezi duen zerbitzu maila?