Martxoaren 23an hasita eta 27ra bitartean, Espainiako Autonomien arteko Txapelketa jokatu da Infantil eta Mini mailan eta bertan izan ditugu Iraurgiko harrobiko hainbat partaide. Guztira lau jokalari izan ditugu Cadizen, Nerea Soraluze eta Miren Ezama Mini mailako nesken selekzioarekin, Aitor Arrieta infantil mailako mutilen selekzioarekin eta Larraitz Larrañaga nesken infantil mailakoarekin. Azken honek gainera lortu du Euskadiko Selekzioek lortutako emaitzarik onena: laugarren postua, Kataluniaren kontra brontzea lortzeko borrokan galdu eta gero.
Sekulako txapelketa burutu du Euskadiko Infantil nesken selekzioak. Lehen fasean, gerora txapeldun irten den Gaztela eta Leon ere bere multzoan egon arren, bigarren amaitu zuen sailkatuta, hiru partidu irabazi eta porrot bakarrarekin, txapeldunaren kontrakoa hain zuzen ere, eta hiru puntugatik bakarrik (59-56). Horrek finalerdietarako txartela eman zion eta Madrilen aurka neurtu behar izan zituen indarrak. Hauen kontrako lehen laurden eskasak baina finalera pasatzeko aukera gabe utzi zituen eta brontzearen bila Kataluniaren kontra jokatu behar izan zuten arratsaldean. Neurketa gogorra izan zen eta oso borrokatua, baina azkenean 70 eta 79 galdu eta gero laugarren postuarekin konformatu behar izan zuten euskaldunek. Larraitz Larrañagak ez du ahaztuko bizitako esperientzia bikaina, joko antolatzaile postuan, partiduko ia 17 minutu jokatzeko aukera izan baitu, Dani Encinas hautatzailearentzako pieza garrantzitsua bihurtuz.
Mutilak bosgarren eta Mini mailan zorterik ez
Infantil mutilek ere pozez txoratzen ibiltzeko txapelketa burutu dute. Aitor Arrieta Iraurgi SBko jokalariari ere kosta egingo zaio egun hauek ahazten, ez da eta beti bosgarren amaitzen Espainiako Txapelketa batean. Lehen fasean bi garaipen lortu eta gero, hirugarren postuan sailkatu ziren euskaldunak eta final-erdietatik kanpo utzi zituen horrek. Baina borrokan jarraitzeko gogoz zeuden eta Gaztela eta Leoni partidu benetan parekatu batean 68 eta 69 irabazi ostean bosgarren amaitzea lortu zuten. Arrietak ia 15 minutu jokatu ditu partiduko joko antolatzaile gisara eta puntu alorrean gehiegi nabarmendu ez baldin bada ere, itzaleko jokoan bikain aritu da.
Mini mailan berriz ez da horrenbesteko zorterik egon, mutilek zazpigarren amaitu dute eta neskek, Nerea Soraluzerekin eta Miren Ezamarekin bederatzigarren, azken jardunaldian txapelketako garaipen bakarra eskuratu eta gero.
Zorionak guztioi!!