Iritsi da denboraldiko unerik garrantzitsuena. Jokalari guztiek espero eta deseatzen duten momentua: igoera playoffak. Azpeitia Azkoitia ISBk aurkari gogor bati egin behar dio aurre lehen kanporaketa honetan, Unicajaren bigarren taldea den Clínicas Rincón hain zuzen ere. Ilusio biziz eta azken hiru porrotak ahaztu nahian iritsi dira Iurgi Caminosen mutilak, zaleen aurrean lehen kanporaketa ahalik eta hobeen hasi eta urtean zehar Azpeitiko kiroldegia bete dutenei poz handi bat emateko intentzioarekin.
Jokalariek ez dute nahi izaten horrelako neurketak galdu eta Alberto Díaz eta Dejan Todorovic, atzo Unicajaren lehen taldearekin Kanarietan neurketa jokatu arren, abioi berezia hartu eta neurketa jokatzeko agertu dira Azpeitian. Beraz, Francis Tomék talde oso izan du bere esanetara. Baita Iurgi Caminosek ere, baina beroketa ariketetan arazo bat izan dute uztaiarekin eta partidua hasi baino lehen egindako ariketak, arraro xamarrak izan dira azkenean. Horregatik agian hotz xamar irten dira kantxara gipuzkoarrak. Akats batzuk erasoan eta defentsan nahi baino zulo gehiago. Hala ere, Lasa eta Justo hiruko marratik asmatzen hasteaz bat markagailua parekatua eramatea lortu du Azpeitia Azkoitia ISBk. Epaileen erabaki arraro xamar batzuk tarteko zaleak eta etxeko entrenatzailea berotzen hasi dira eta arbitroek kargu hartu diote iurgi Caminosi. Todorovic bereak eta bi egiten hasi da eta Tautvidas Sabonisen bigarren falta atera baldin badute ere, 8 eta 15ekoarekin neurketa gelditu behar izan dute Iraurgikoek hutsarte batekin. Kearseren bigarren falta etorri arren, taldeak lanerako buzoa jantzita zeukan eta talde moduan jokatzen hasi da. Barberenak bost puntu jarraian lortu eta baloi bat lapurtu du eta aldea txikitu ahal izan dute ISBkoek laurdena amaierarako: 16-21.
Errekuperazio txiki horrek laurdena amaitu bezain laster akabera izan duela zirudien, kanpotarrek lau eta hutseko partziala egin eta markagailuan alde egingo zutela zirudielako. Pozasek bere magia atera du paseak emateko eta Fall-ek behin eta berriz amaitu ditu jokaldiak. Etxekoek erasoan lanean jarraitzen zuten baina ez zen nahikoa, atzean ezin zutelako malagakoen jokoa gelditu. 10 puntuko aldea behin eta berriro lortu dute Francis Tomérenek, baina etxekoek ez zuten etsi nahi eta bi-hiru defentsa on egin eta aurrean asmatuta bizi-bizi zeudela erakutsi nahi izan dute. Kearsek hirugarrena egin du, eta errenka hartu du aulkirako bidea, baina defentsan beste itxura bat ematen ari zen taldea eta bizirik mantendu da. Epaileek baina irizpide oso ezberdina erakutsi dute alde batean eta bestean eta etxekoek ezin izan diote buelta eman neurketari. Hori bai, lehiakortasun izugarria erakutsita 41 eta 43 iritsi dira atsedenaldira.
Bikain hasi dute hirugarren laurdena etxekoek. Lander Lasaren hiruko bat eta Ibargutxik baloia lapurtu eta saskiratzea lortuta 46 eta 43koa igoarazi du markagailura. Barberenak ere bere lana bikain jarraitu du egiten eta Azpeitia Azkoitia ISBk Diazen saskiratzeei gailentzen jakin du markagailuan agintzen hasteko. Taldek ulertu du non dakien min egiten eta Lasak kanpotik, Barberenak eta Pantinek barrutik puntuak eskuratuz eta Ibargutxik taldekideei paseak ematen. Andaluziarren kalitateari aurre egin ahal izan diote minutu askoan. Etxekoek ezin izan dute baina partidua apurtu eta markagailua oso parekaturik joan da. Hirugarren laurdenaren amaieran: 62-59.
Etxekoek aurretik jarraitu dute markagailuan, baina defentsan errebotea eskuratzen zailtasun handia izan dute Fall eta Nguirane erraldoiekin. Hori horrela, Malagakoek bigarren eta hirugarren aukerak izan dituzte maiz. Eskerrak gainontzekoa defentsa oso ona egiten ibili direla eta horrek mantendu die aurretik ISBkoei. Lander Lasaren hirukoak eta Beñat Barberenaren puntuak alde batean, Pepe Pozasen magia, bestean, partidu zoragarria bizi ahal izan dute zaleek. Gainera etxekoa agintzen jarraitu dute. Todorovicek gauzak broma gutxitarako zeudela erakutsi du sekulako birrintze batekin, erantzuna Ibargutxik hiruko marratik. Azken laurden zoragarria bizi izan dugu. Emozioa amaiera arte eta azken minutua erabaki da dena. Azken defentsa bikain bat eta Todorovicek ezin izan du nahi bezala hiruko bota. Justok bi jaurtiketa libreak sartu eta 78 eta 73 irabazten amaitu du Azpeitia Azkoitia ISBk. Beraz, 5 puntuko abantailarekin joango da Iurgi Caminosen taldea Malagara.
Saskiratzaileak: (16-21/41-43/62-59/78-73)
AZPEITIA AZKOITIA ISB: Justo (14), Kearse (2), Ibargutxi (8), Lasa (16) eta Pantin (12) –hasierako bostekoa- Oroz, A. Zubizarreta, I. Zubizarreta, Motos (4), Fohler (2), Barberena (19) eta Guridi (1).
CLINICAS RINCON UNICAJA: Soluade (7), Todorovic (7), Díaz (14), Nguirane (4) eta T. Sabonis (4) –hasierako bosteko- Pozas (17), Conde (2), Svandrlik, Alcoholado, D. Sabonis (8), Antic eta Fall (10).