"Haur bakoitzaren gaitasuna identifikatu eta sustatzea dugu xede"

Urola Kostako Hitza 2013ko api. 10a, 18:38

Amaia Zumeaga azpeitiarra, GAR proiektuaren arduraduna.

Want Coop enpresako kide eta Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintza eta Berrikuntza graduko (LEINN) ikasle Amaia Zumeagak (Azpeitia, 1994), Adimen Gaitasun Handiko GAR proiektua jarriko du martxan Azpeitian. 4-5 urteko herriko haurrekin hasiko dira lanean, parte hartzen dutenen adimen gaitasuna sustatzeko helburuarekin.

Gaur, asteazkena, proiektu berri honen informazioa emateko saio informatiboa antolatu dute, Iraurgi Ikastetxearen Etxe Alaiko eraikinean, 17:30ean. Nahi duten herritar denentzat irekia dela azpimarratu du Zumeagak.

Nondik nora jarri duzue adimen gaitasuna handitzeko proiektua martxan?

Elisa Alvarezek Interac izeneko proiektu bat zuen martxan Bizkaian, Adimen Gaitasun Handiko haurrak identifikatu eta haiekin lan egiteko. Eta guk eskaintza hori Gipuzkoara ekarri nahi izan dugu. Lidergo Ekintza eta Berrikuntza Gradua ikasten ari naiz Mondragon Unibertsitatean, eta han enpresak sortu eta proiektuak egin behar ditugu. Nik proiektu honi heldu nahi nion, eta Elisa Alvarezekin harremanetan jarri nintzen. Azpeitiarra naizenez, enpresan lantaldea sortu eta Azpeitian martxan jartzeko lanean hasi nintzen. Hemen, Azpeitian, Iraurgi Ikastetxearen eta hango irakasleen laguntzarekin azpiegiturak eta baliabideak lortu ditugu. Dena den, gero proiektua Gipuzkoara zabaltzeko asmoa daukagu.

Proiektuaren helburua adimen gaitasun handiko haurrekin lan egitea al da?

Ez bakarrik. Adimen gaitasun handia ez dutenekin ere ariko gara. Azken batean, helburua haur bakoitzak duen gaitasun hori identifikatu eta gehiago lantzea edota sustatzea da. Antolatuko ditugun saioetan, metodologia desberdinen bidez, haurren adimen gaitasuna handitzen eta hobetzen saiatuko gara.

Eta adimen gaitasun handiko haurrak identifikatutakoan zer egiten duzue?

Saioetan adimen gaitasun handiko haurrak identifikatuko bagenituzke, hoiekin lan egitea ere helburu dugu. Izan ere, haur hoiek ez dute laguntza berezirik izaten eta azkenean eskolan porrot egiten dugu, nahiz eta gaitasun handia eduki aspertu egiten direlako.

Azpeitian nori zuzenduko da proiektua?

Azpeitian lau eta bost urte dituzten haurrei zuzendutako taldea jarriko dugu martxan aurten, hau da , Haur Hezkuntzako 4. eta 5. mailakoei. Iraurgi ikastetxeko geletan emango ditugu saioak, ostegunetan, 17:30ean, baina nahi dutenentzat irekiak izango dira. Proiektuaren nondik norakoak eta helburuak gaurko bileran azalduko ditugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide