Asteburu honetarako, hilaren 13 eta 14rako, Tena bailarara mendi irteera antolatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak. Zapatuan 04:00etan abiatuko dira plazatik, eta zapatuan bertan Vertice de Anayet (2.545 metro) igoko dute. Igandean, berriz, Peyreget (2.483 metro) mendira joango dira.
Gaur, osteguna, da izena emateko azken eguna, eta mendizaleen tabernan edo mendi bazkunaren webgunean egin daiteke inskripzioa. Bazkideek 60 euro ordaindu beharko dute. Langabetu eta ikasleek, berriz, 55 euro, eta gainontzekoek 70 euro. Prezio horretan sartzen dira afaria, logela eta gosaria.
Antolatzaileek adierazi dutenez, ibilaldian parte hartzeko beharrezkoa da federatuta egotea eta pioleta eta granpoiak beharrezkoak dira.
BTT irteera
Igandean, bestalde, mendi bizikleta irteera egingo dute, 09:00etan kiroldegi aurretik abiatuta. Handik Elosura joango dira, eta 42 kilometroko itzuliaren ostean, Azpeitira itzuliko dira 12:30ak inguruan (3 ordu eta erdiko buelta da). Zailtasun gogorreko irteera izango da.