Ainara Garcia (Azpeitia, 1987) orain dela sei urte hasi zen argazkilari profesional bezala lanean; freelance aritzen da. Egunero Noticias de Gipuzkoa egunkarirako aritzen da argazkilari, eta Naturpixel-en argazkilaritza ikastaroak ematen ditu Donostian. Saltsa askotan ibiltzea eta mugitzea gustuko ditu. Horretarako, ofizioa eta afizioa uztartu ditu. Denbora librean edo oporretan kamera gainean duela batetik bestera ibili ohi da, esperientzia berriak bizitzeko asmoarekin.
Argazki bat aukeratzeko eskatu, eta hauxe ekarri duzu, etxe ondoko bat. Zergatik?
Horrenbeste argazkiren artean ez nekien zein aukeratu... Baina nik badut filosofia bat, pentsatzeko modu bat: munduko beste punta batera joan beharrik ez dago argazki politak egiteko. Hori bai, onartuz neu naizela gero aurrena alde egiten. Dena den, etxetik gertu edo etxeko leihotik bertatik, kasu honetan bezalaxe, beti aurkitu daitezke argazkiak egiteko momentu onak. Alde batetik hori da argazki hau aukeratzeko arrazoi bat. Bestetik, orain hamar bat egun Paco Elvira argazkilari kataluniarra hil da; askorentzako erreferentea izan da. Erreportajeak egin zituen munduan zehar, baina gehienbat azken urteetan bere lana ezagutzera eman zuen moduagatik izan da erreferentea. Bere etxeko leihotik argazkiak egiten zituen. Hil zenean jendea haren omenez bere etxetik argazkiak egiten hasi zen. Nik hona ekarri dudan argazki hau duela lau bat urte neure etxetik ateratakoa da. Etxetik aterata dauzkanen artetik gustukoenetakoa dut, eta argazkilari honi omenaldi txiki bat egiteko hauxe aukeratu dut, neurri batean.
Nola aukeratu zenuen argazkilaritzaren bidea?
Txikitan ez nuen argazkilaria izan nahi. Txikitatik marraztea asko gustatu zait, eta udak marrazki ikastaroak egiten pasatzen nituen. Baina oporretara joaten ginenean aitak reflex kamera batekin argazkiak egiten jarduten zuen. Niri atentzioa klik egiten ibiltze horrek ematen zidan, besterik gabe. Nire gogoa marrazkilaria izatea zen, baina argazkilaritza ikastaro bat egitea ere ez nuen baztertuta. Argazkilaritza bigarrengo plan bezala neukan. Batxiler artistikoa egin nuen, eta ondoren marrazki bizidunak-eta egiteko ikasketak egin nahi nituen. Hemen inguruan ez dago aukera handirik, eta alde horretatik ere ez ninduten ondo bideratu. Orduan, bigarren planari heldu, eta Andoainera joan nintzen ikastera. Argazkilaritza eta komunikazio ikasketak egin nituen han.
Gero, orain dela sei urte, lanean hasi zinen. Eguneroko lanean zer duzu gustukoena?
Eguneroko lan horretan, prentsaurrekoetan ehuneko handi batean uste dut argazkilariak soberan gaudela, hor ez dagoelako misterio handirik. Prentsaurrekoak azken batean informazioa emateko direlako asko. Kasu bakan batzuk kenduta, hala dela uste dut. Lanerako gustukoa, edozein gairen inguruko erreportajeak egitea dut. Horrelakoetan irudi aldetik eta pertsonalki zukua ateratzea gustatzen zait. Askotan zenbait tokitara lanera joanda, pertsonalki zerbait eskaintzen didaten egoerekin topo egin izan dut.
Festak-eta lanerako gustukoak al dituzu?
Jendearekin zerikusia duten gaiak ere gustuko ditut. Hala ere, gehien erlaxatzen nauena paisaiak egitea da. Baina mugimendua duten gauzekin lan egitea ere atsegin dut. Esaterako,Donostiako estropadetan lan egitea gozamena da: jendeak gauzak erraz jartzen ditu, jendea gertu izaten da. Argazkiak egiteko jokoa dagoenean errazago da lan egitea, eta horrek lanean gustura aritzea ere eragiten du.
Etxeko leihotik ateratako argazkia ekarri arren, denbora librean edota oporrak dituzunean kanpora irten zalea ere bazara, argazki kamera eta guzti.
Argazki kamerarekin bidaiatzea asko gustatzen zait. Herrialde berri batera iritsi, eta dena berria den sentsazio hori izatea ederra da benetan. Dena berria da, eta dena argazkitan jasotzeko gogoa sentitzen dut.
Zein herrialdetan ibili zara?
Azkenekoz Norvegian izan naiz. Abenduan Bruselan egon nintzen. Iaz, berriz, Nikaraguan eta Maltan. Finlandian, Marokon eta Londresen ere ibili naiz argazkiak egiten.
Gehiena erakarri zaituen herrialdea zein izan da?
Toki bakoitzak bere xarma du, baina argazkiak egiten gehien gozatu dudana, batere zalantzarik gabe, Norvegia izan da.
Zergatik? Argiagatik?
Argia izugarria dago han egun osoan; ezin da atsedenik hartu. Beti argazkiak egiteko argi ona dago. Nikaraguan, esaterako, egun osoan argi txarra egoten da; argi gogor-gogorra, paisaiak egiteko ez da batere ona. Ez da leku aproposena. Norvegian, ordea, egun guztian izaten da argi ona, eta lo egiteko ere astirik ezin hartuta ibili naiz. Egunsentiak bi ordu baino gehiago irauten du, baita arratsak ere. Biak bat egiten dute, eta, gainera, gauean aurora borealak gertatzen dira. Izugarria izan da. Baina, hala ere, denak dauka bere xarma.
Norvegiarrei argazkiak ateratzea nolakoa izan da?
Alde horretatik Norvegia ez zitzaidan batere gustatu. Jendea oso hotza eta itxia iruditu zitzaidan. Nikaragua argi aldetik ez da oso ona, bai ordea jendearekin harremana izateko eta argazkiak egiteko. Han, nahiz eta inor ez ezagutu, denak gerturatu eta hitz egitera etortzen dira. Jendearekin harremana edukitzea ere oso garrantzitsua da gero argazki onak egiteko; horrek bide asko zabaltzen ditu. Horregatik diot, toki bakoitzak bere xarma duela.
Zuk nahi duzun argazki hori atera ezin izana gertatu al zaizu inoiz?
Gehienetan gertatu zait hori. Badut mania bat: egoerak idealizatu egiten ditut inora joan aurretik; zer atera pentsatuta joaten naiz askotan. Baina ondoren joan, eta kontuak ez dira nahi bezala ateratzen. Dena den, batzutan zerbaiten bila joan, norberak nahi duen hori ez atera, eta, beste gauza batzurekin fijatuta, gauza berriak ere sortzen dira.
Atera ondoren argazkiak asko ukitzen al dituzu ordenagailuan?
Behin atera ondoren, argazkiak ahalik eta gutxien ukitzea gustatzen zait. Ahal dela kameran bertan bukatu nahi izaten ditut argazkiak, ordenagailu aurrean aspertu egiten bainaiz. Niri kalean argazkia egiteko une hori bizitzea gustatzen zait, kamerarekin ea zer lortzen dudan bila jardute hori. Argazkia atera, eta unean bertanondoateradudangogo-betetasun horrekin gelditzea atsegin dut. Hala ere, azken emaitza irudia errealitatean norberak ikusi bezala gera dadin ukitu batzuk egin behar izaten zaizkie argazkiei.
Argazkilaritzarekin lotutako bete gabeko ametsik ba al duzu?
Nire ametsa aurora borealak ateratzea zen, eta hori orain dela gutxi bete dut. Bestela, nire ametsa argazkilaritzatik bizitzen segitzea da. Orain gauzak dauden bezala, egoerak gero eta beldur handiagoa ematen du ordea. Kontuak beti zailak izan direla esaten didate, baina orain... Nire bizi guztia argazkilaritzari lotuta bizitzea gustatuko litzaidake. Horixe da nire nahia.
Gertutik
- Azpeitian jaioa, 1987an.
- Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan egin zituen ikasketak.
- Argazkilaria da lanbidez, freelance. Besteak beste, Noticias de Gipuzkoa egunkarian kolaboratzen du, baita Naturpixel-en ere, argazkilaritzako ikastaroak emanez. Orain sei urtetik du lanbide argazkilaritza.
- Hainbat eraskusketa egin du eta taldekakoetan ere parte hartu du. Azkena Sanagustinen, Hamar emakume, hamar begirada erakusketan.
- Bere webguneak: www.ainaragarcia.com eta elmundoatravesdeunvisor. com. Sare sozialetan: www.facebook.com/ainaragarciaphotographer eta twitter.com/ainaraga.
- Kide den beste webguneak: 500px.com/ainaraga eta www.mujeresfotografas.com.