Bost puntuko abantaila ez da ezer

Azpeitia Azkoitia ISBk bihar, larunbata, jokatuko du 19:00tan igoera play-offetako lehen kanporaketako bigarren neurketa, Malagako Los Guindos kiroldegian.

Lehen pausoa emanda, bigarrena falta zaio orain Azpeitia Azkoitia ISBri Urrezko LEB ligara igotzeko lehen kanporaketa pasatu eta finalerdietan sartzeko. Horretarako baina, gutxienez 5 puntu baino gutxiagogatik galdu beharko du bihar Malagako Los Guindos pabiloian Clinicas Rinconen aurka jokatu beharreko neurketan. Erraztasunik ez dute aurkituko Iurgi Caminosen mutilek, baina positibo izateko arrazoiak badaude eta historia egiteko gogo biziz irten ziren atzo gauean autobusez Malagarako bidean jokalariak, ondo dakite-eta lehenengoz sartuko luketela Iraurgi igoerako finalerdietan. Iaz, Ourensek final-laurdenetan kanporatu zituen; aurten beste pauso bat gehiago eman nahi dute behintzat.

Dagoeneko aurten hiru aldiz neurtu dituzte indarrak elkar Iraurgik eta Malagako taldeak, eta birritan irten da garaile Azpeitia Azkoitia ISB. Lehenengo neurketa irabazi zuen Clinicas Rinconek, lau puntugatik, baina bigarrenean 20 puntuko aldeaz irabazi zuten gipuzkoarrek, non eta Malagan; eta duela astebete, partidu ikusgarri batean, 78 eta 73ko markagailuarekin lortu zuten garaipena iraurgitarrek. Kanporaketa joan-etorrikoa denez, 5 puntuko aldea duela hasiko du, beraz, neurketa Iurgi Caminosek zuzentzen duen taldeak. 5 puntu baina, ez da gauza asko, eta gutxiago ikusita nolako intentsitatea jartzen duten kantxan Unicajaren harrobiko gazteek. Dena ongi egin beharra egongo da, galdutako baloi kopurua jaitsi eta errebotea hobeto zaintzea ere ezinbestekoa izango da, Francis Tomerenek ez baitituzte aukera gehiegi emango goraino betetzea espero den Los Guindosen. 5 puntu bi jokalditan pikutara joan daitezke eta horregatik aldea mantentzera jokatu beharrean hobe izango dute gipuzkoarrek neurketa irabaztera ateratzea. Ona izango litzateke gainera, hasiera-hasieratik gogor ekin eta, zergatik ez, markagailuan alde pixka bat zabaltzen ahalegintzea, andaluziarren esperantzak txikitzen saiatuz. Litekeena da Iurgi Caminosek, gainera, Lance Kearse ia % 100ean edukitzea, aurreko partiduan belaunean min hartu bazuen ere, bidaiatu egingo baitu.

Gogoratu behar da 80 minutuko kanporaketa bat izanik eta lehen 40 minutuen ostean 5eko abantaila duenez Azpeitia Azkoitia ISBk, neurketa luzapenera joateko, bigarren partidua 5 puntugatik irabazi beharra daukala Clinicas Rinconek (berdin du emaitzak). Bestela, partidua berdinketarekin amaituta ere ez litzateke luzapenik egongo. Beraz, Malagakoek aurrera egin ahal izateko beti 5 puntugatik baino gehiagogatik irabazi beharko lukete neurketa; bestela, Azpeitia Azkoitia ISBk egingo luke aurrera, nahiz eta 4 puntugatik galdu. Neurketa berezia beraz, eta bizitzeko polita. Eta zuzenean bizi ahal izateko, Iraurgiko zaleak GipuzkoaSport irrati digitala besterik ez du jarri beharko bere ordenagailuan; izan ere, Xabier Larrañagak zuzenean transmitituko du bertan gertatzen den oro.

Azpeitia Azkoitia ISBko jokalariek eta teknikoek merezi dute, Iraurgiko klubak merezi du eta zer esanik ez astero-astero klubak dituen talde guztiak jarraitzen dituzten zaleek. Horregatik azken pausoa eman beharra dago.

"Ezin dugu espekulatzera irten"

Jarraian, Iurgi Caminosek adierazitakoak:

Jokalari guztiak prest al dituzu? Kearse herren egiten ikusi genuen aurrekoan.

Aurreko igandean min hartu zuen berotze ariketak egiten ari zela eta taldekideek baino erritmo baxuagoan entrenatu badu ere, lagundu ahal izateko moduan egotea espero dugu.

Bost puntuko abantaila ez da handia. Baina nahikoa bai abantaila hori administratzera jokatzeko?

Abantailaren administrazio hori, azken bi minutuetan garaipenaren borrokan baldin bagaude bakarrik izango da eraginkorra. Ezin dugu espekulatzera irten, izan ere, daukagun abantaila bi erasotan pikutara joan daiteke. Taldeak badaki partidua irabaztera irten beharra daukala eta momentu oro markagailuan aurretik mantentzen saiatu beharra daukala, orduan izango baita bost puntuko abantailari probetxu atera ahal izango dionean, kontrarioak izan dezakeen antsietateagatik.

Aurreko igandeko neurketa intentsitate handikoa izan zen. Erritmo horretan beste 40 minutu jokatu ahal dira?

Bai, posible da. Los Guindosen duela hilabete batzuk jokatu genuen neurketan beraiek antzerako defentsa oldarkorra erakutsi zuten, baina egia da pasa den igandean baino fede gutxiago erakutsi zutela, minutu askoan joan zirelako markagailuan atzetik. Beraiek neurketa oso fisikoa bilatuko dute, talde gaztea eta atletaz beterikoa baita eta, beraz, ohituta daude horrelako neurketak jokatzera.

Baloi galduen kopurua jaistea izan daiteke partiduko gakoetako bat?

Gakoa bigarren zatian izan genuen oreka izatea izango da. Defentsan hobeto kokatu ginen, bost bosten kontra jokatzera behartu genituelarik, eta batez ere gure erasoko jokoa hobeto kontrolatu genuen. Atsedenaldirako, berriz, 18 baloi galduko bagenitu, pasa den partiduan bezain bizirik mantentzea oso zaila izango da. Baloi galduez gain errebotea ere kontrolatzea ezinbestekoa izango da beraiek 65 puntu inguruan uzteko. Zifra horietan utziko bagenitu finalerdietatik gertu ibiliko ginatekeela uste dut.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide