Amaitu da denboraldia Azpeitia Azkoitia ISBrentzat

Partidako une bat. (Javi Zurbano)

Azpeitia Azkoitia ISBk 59 eta 52 galtzen amaitu du, bigarren zati eskas baten ondoren. Etxekoak oso nagusi izan dira errebotean eta gipuzkoarrek, aldiz, baloi gehiegi galdu dituzte.

80 minutuko kanporaketa izan da Urrezko LEB ligara igotzeko playoffetako lehen pausoa. 40 minutu jokatu ziren aurreko astean Azpeitian eta Azpeitia Azkoitia ISBk 5 puntuko abantaila hartu zuen. Dena baina ez zegoen egina eta goraino bete den Los Guindosen final-erdietarako pausoa eman beharra zegoen. Baina tamalez, gutxigatik izan bada ere, ezin izan du pauso hori eman Iraurgik.

5 puntu ez dira ezer saskibaloian eta hori partidu hasieran argi gelditu da. Izan ere, 9 eta 1ko partzialarekin hasi dira etxekoak. Ibargutxik arazo asko izan ditu Alberto Diazen presioa gainditzen eta baloi pare bat galdu dira. Horrek eta erasoan malagarrek erakutsitako kalitateak gauzak asko zaildu ditu. Baina, taldea pixkanaka-pixkanaka hasi da neurketan sartzen. Ibargutxik erasoan puntuak jarri ditu eta atzean errebotea ondo zaintzen hasi da Barberena, modu honetara markagailua parekatzea lortuz. Lasak hiruko bat sartu eta Todorovic-en bigarren falta atera duenean taldea gora etorri da, etxekoen baliabide garrantzitsu batek aulkirako bidea hartu behar izan duelako. Ibargutxik lehenengoz aurretik jarri du Iraurgi (11-12) seigarren minuturako. Hortik eta laurdena amaitu arte, berdintasuna izan da nagusi. Hutsetan eta jokaldi onetan berdindu dute bi taldeek eta bigarren laurdenera 15 eta 18 heldu dira.

Hasiera txarrari buelta ematen jakin izan du Iurgi Caminosen taldeak baina lanean jarraitu beharra zegoen, lehen minutuetan ikusi ahal izan baita Francis Tomerenak zer egiteko kapaz diren. Erritmoa kontrolatzea oso garrantzitsua zen eta horretan ahalegindu dira gipuzkoarrak, behin markagailuan aurretik jarrita, horrela jarraitzeko asmoz. Clinicas Rinconekoek proposatzen duten joko mota azkar eta intentsuak, askotan huts gehiegi egitea eragiten du eta bigarren laurdeneko lehen minutuak ez dira ikusteko politak izan. Huts asko alde batean eta bestean, baina huts horietan gehien asmatu duena etxeko taldea izan da eta 20 eta 18koarekin Iurgi Caminosek hutsartea eskatu behar izan du. Baina ISBko jokalariek ez zuten asmatzen erasoan. Ia bost minutu egon dira saskiratzerik lortu gabe eta Malagakoek hori aldea zabaltzeko aprobetxatu dute. Alberto Diazen eta Tauvtidas Sabonisen puntuak tarteko, etxekoak hurrengo fasera birtualki sailkatuta egon dira minutu askoan. Guridik sartutako bi jaurtiketa libreri esker baina 30 eta 25 iritsi dira atsedenaldira. Partidua irabazteko aukera izateko baloi galduen kopurua jaistea ezinbestekoa zen eta horretan ez du asmatu Azpeitia Azkoitia ISBk, lehen zatian 14 galdu baititu.

Emaitza horrekin luzapenera joko luke neurketak, baina oraindik 20 minutu zeuden jokatzeke. Bi taldeen arteko parekotasuna nabarmena izan da hirugarren laurdeneko lehen minutuetan. Sabonis anaiek min egiten bazuten alde batean, Kearsek, belauneko arazoak ahaztuz bestean egiten zuen. Ibargutxik baloia galdu eta Diazek ere bai beste aldean. Gauza on bat lortu du Azpeitia Azkoitia ISBk, T. Sabonis, Fall eta Todorovic faltez josi dituztela. Hala ere, 5 puntuko aldeak ez zuen behera egiten. Pepe Pozasek hiruko batekin 38 eta 32koa igoarazi du eta Iurgi Caminosek hutsartea eskatu behar izan du, bere jokalariei presio pixka bat gainetik kendu ahal izateko eta lasaitasun apur baten bila. Baina etxekoak buru belarri joan dira kanporaketaren bila eta bederatzi puntuko aldea zabaldu du Todorovicek hiruko marratik. Gauzak zailtzen ari ziren. Baloiak galtzen jarraitzen zuten gipuzkoarrek. Ibon Guridi saiatu da gar pixka bat jartzen taldean, baina hirugarren laurden amaierarako oso nabarmen ziren etxekoak aurretik: 48-37.

Gauzak aldatzeko nahiarekin zonakako defentsa agindu du Iurgi Caminosek, baina erasoko errebotean min egiten jarraitu dute Malagakoek. Beraz, erasoan egindako ahaleginak ahalegin, etxekoek bigarren eta hirugarren aukera pila izan dituztenez, markagailuan zuten zuloa mantentzen jarraitu dute. Pantin azaltzen hasi da eta horri eskerrak erreakzio txiki bat egon da. Baina lasaitasuna bilatu behar zenean, defentsan gehiago saiatu eta atzeko lanetik desabantaila murrizten joan, joko azkarra bilatu dute gipuzkoarrek eta zoratu egin dira. Malagakoak berriz eroso sentitu dira joko horretan eta zuloa zabaltzen jarraitu dute. Ordura arte erasoan desagertuta egon den Guillermo Justo agertu da bi hiruko jarraian sartuta eta 58 eta 50ekoa jarri du markagailuan neurketa amaitzeko minutu eta erdiren faltan. Etxekoak urduri jarri dira, baina Azpeitia Azkoitia ISBko jokalariek ez dute asmatzen jakin. Kearsek jaurtiketa libre bat sartu bai, baina gerora kanporaketa berdinduko zuen biko jaurtiketa bat irten egin zaio. Alberto Díazek jaurtiketa libre bakarra sartu eta hiruko baten bila joan denean ISB falta egin dute etxekoek. Kearsek lehen jaurtiketa librea sartu eta bigarren huts egitera joan da errebotea hartu eta saskiratze bat bilatzeko baina etxekoek amaitu dute errebotea eskuratzen eta neurketa 59 eta 52 amaitu da. Beraz, iaz bezala amaitu da denboraldia Azpeitia Azkoitia ISBrentzat, igoera playoffetako final-laurdenetan.

Saskiratzaileak: (15-18/30-25/48-37/59-52)

CLINICAS RINCON UNICAJA: Soluade, Todorovic (7), Diaz (16), Nguirane (3) eta T. Sabonis (13) –hasierako bostekoa- Pozas (5), Conde (2), Svandrlik, Alcoholado, D. Sabonis (11), Antic eta Fall (2).

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Justo (8), Ibargutxi (7), Lasa (5), Barberena (4) eta Pantin (11) –hasierako bostekoa- Kearse (10), Zubizarreta, Motos (1), Fohler eta Guridi (6).

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide