Etxepare Lizeokoek eta Urola Ikastolakoek Uztarria eta Hitza bisitatu dituzte

Uztarria.eus 2013ko api. 15a, 19:22

Baionako Bernat Etxepare Institutuak eta Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI-k elkartrukea egin dute aurten ere, Ikasbil programaren barruan, 'Iparralde Hegoalde mugaz gaindi elkar ezagutzen' izeneko ekimenaren barruan. Horrela, gaur (astelehena) hasi eta asteazkena bitartean Ipar Euskal Herriko Seaska ikastolen lizeo bakarra den Baionako ikastegiko 37 ikasle eta hiru irakasle Azpeitian eta Azkoitian izango dira; asteazkenetik ostiralera, berriz, Urola Ikastolako 32 ikasle eta bi irakasle Ipar Euskal Herrian ibiliko dira. Batxilergoko lehen mailakoak dira ikasleok.

Elkartruke horren barruan, eta aurreko ikasturteetan egin bezala, gaur Bernat Etxeparekoak eta Urolakoak Uztarriak eta 'Urola Kostako Hitza'-k Azpeitian duten egoitzan izan dira bisitan. Hiru taldetan banatuta (argazkietan), Azpeitiko komunikazio taldearen eta eskualdeko egunkariaren jardunaren berri jaso dute ikasleek, langileen eskutik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide