Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeak zapaturako deitutako manifestazioa babestu du Elkar-ekin taldeak

Uztarria.eus 2013ko api. 17a, 13:13

Elkar-ekinekoek azaldu dutenez, "lantegi horren itxierak ondorio larriak izango ditu herriko hainbat eremutan. Zuzenean ukituko ditu 300 herritar, baina industria txikian, garraioan, ostalaritzan eta komertzio txikietan ere eragin kaltegarriak izango ditu". 12:00etan hasiko da manifestazioa, plazatik.

Azpeitiko Elkar-ekin taldeak bat egin du zapatuan, hilak 20, Corrugados Azpeitia lantegiko Enpresa Batzordeak deitu duen manifestazioarekin. Elkar-ekinekoek azaldu dutenez, "lantegi horren itxierak ondorio larriak izango ditu herriko hainbat eremutan. Zuzenean ukituko ditu 300 herritar, baina industria txikian, garraioan, ostalaritzan eta komertzio txikietan ere eragin kaltegarriak izango ditu".

"Herritarrak gara krisi egoera larri honen ondorioak jasaten ari garenak", gaineratu dute: "Etengabeko eskubideen murrizketak pobrezia eta bazterketa baino ez dakar gurera. Aldiz, krisiaren arduradun nagusiek beraien pribilegio guztiak mantentzen dituztela ikustea tamalgarria dela deritzogu".

"Egoera larri honetan" herritarrak batuta mantentzea beharrezkoa dela uste dute Elkar-ekin taldeko kideek: "Zentzu horretan, batasunerako deia egin nahi diegu azpeitiarrei, eskubide murrizketa eta eraso etengabe hauen aurrean denok batera erantzun eta eredu berri baterako bidea egin dezagun. Beharrezkoa izango da batak bestearekiko elkartasuna mantentzea, gaur herritar batzuk bizi duten egoera bihar beste guztiok bizi dezakegu-eta. Beraz, batuta egoteko uneak dira, ezin dugu utzi gutxiengo batek gizartearen gehiengoa pobreziara eraman dezan".

"Mobilizazioa eta erantzuleekiko presioa antolatzea garrantzitsua izango da aurrerantzean ere", esan dute, eta langabezian gelditu diren beste lantegietako langileei eta lan gatazketan dauden herritar guztiei ere babesa erakutsi nahi izan die Elkar-ekinek: "Antzeko egoeran dauden herritarrak gurekin harremanetan jartzera gonbidatzen ditugu, beraien arazoak entzuteaz gain, denon artean erantzun bateratuak antolatzea egokia ikusten baitugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide