Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordekoak Eusko Legebiltzarrean izan dira

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko api. 17a, 18:52

Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordearen ordezkariak Legebiltzarrean, gaur goizean. (CORRRUGADOSEZITXI.WORDPRESS.COM)

Azpeitiko Udalak, berriz, aho batez onartu du langileen ordezkariek aurkeztutako mozioa eta zapatuan, hilak 20, egingo den manifestazioarekin bat egin du.

Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeko ELA eta LABeko ordezkariak gaur (asteazkena) goizean Eusko Legebiltzarreko Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun batzordean izan dira. Batzordean, Corrugadoseko Imanol Arrojeriak eta Esteban Kanposek enpresan bizi duten egoeraren berri eman dute.

Arratsaldeko lauretarako Corrugados Azpeitiakoak eta Corrugados Lasaokoak Madrilera deitu ditu Gallardo Taldeak.

Udalak aho batez onartu du mozioa

Azpeitiko Udalak, berriz, aho batez onartu du langileen ordezkariek aurkeztutako mozioa eta zapatuan, hilak 20, egingo den manifestazioarekin bat egin du.

Gaur bertan plazaratu duten oharrean, "Azpeitiko egoera ekonomikoarekin kezkatuta" agertu dira Udaleko taldeak (Bildu, EAJ eta Hamaikabat) eta krisiaren eraginak sufritzen ari direnei "beren elkartasun osoa" adierazi diete. Herritar ugari ari dira gaizki pasatzen eta Udalaren guztizko lehentasuna direla argi utzi nahi dute ordezkariek: "Bereziki aipatu nahi dira lanik ezin aurkituta dabiltzan azpeitiarrak, eta noski, beren lanpostuak galdu dituzten herritar guztiak. Une latzak dira eta herritarrekin egotea tokatzen zaigu, eta Udala ere esfortzu guztiak egiten ari da zentzu horretan".

Konkretuki, Udalak Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeak aurkeztutako mozioa onartzea erabaki du, aho batez. Ondorioz, enpresa ez ixtearen aldeko aldarriarekin bat egiten du eta bertako langileek planteatutako eskaerak babesten ditu. "Azpeitiko Udalak, enpresaren itxierak eskualde zein herri honentzat ekar dezaken kaltea kezka handiz ikusten du eta, horregatik, enpresak lanpostuak manten ditzan, itxieraren aurka agertzen da. Udalak, enpresari itxieraren erabakia bertan behera utzi dezala eta negoziazioarekin jarrai dezala eskatzen dio".

"Egoera larri honi irtenbide on bat lortzeko saiakerak" egingo dituela gaineratu du Udalak eta, horretarako, beste instituzioetan, "hau da, Gipuzkoako Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan, behar diren gestioak egiteko konpromisoa" berretsi du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide