Corrugados Azpeitiako 300 langileak eta Corrugados Lasaoko 38 (plantillan 68 daude) kaleratzeko baliatu nahi duen Lana Erregulatzeko Txostena aurkeztu zien Gallardo Taldeak langileen ordezkariei atzo, asteazkena, Madrilen taldeak dituen bulegoetan.
Hara deituak zituen enpresak arratsalderako, eta han izan dira Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasaoko enpresa batzordeetako ordezkariak. Orain artekoetan ez bezala, Azpeitiko lantegiei eragingo dien kaleratzeko Lana Erregulatzeko Txostena (LET) ez du Gallardo Taldeak Donostiako Lan Delegaritzan aurkeztuko. Izan ere, Extremadurako Jerez de los Caballeroseko Ferromallas eta Siderurgica Balboako beharginen kaleratzeak ere txosten berean sartu ditu Gallardok. Horrela, LET-a Madrilen aurkeztuko du, datorren asteartean. Eta sindikatuek helegiteren bat aurkeztu gero, Madrilgo epaitegietan erabakiko litzateke.
Hain zuzen ere, langileen ordezkariek aurreratu dute enpresaren asmoari alegazioak aurkeztu dizkiotela, lantegi bakoitzaren txostenak modu indibidualean aztertuak izan daitezen eskatuz, batzuen eta besteen egoerak ere ez direlako berdinak.
Martxora arte irabaziekin
Negoziazioa kanpora aterata
Negoziazioa kanpora aterata Gallardo Taldeak lana erregulatzeko dosierrak Madrilgo Lan Zuzendaritzan aurkeztuko ditu datorren asteartean. Aurreko txostenen kasuan ez bezala Euskal Herritik kanpo.
Enpresetako negoziazioa Euskal Herritik kanpo atera izana salatu egin dute Corrugados Azpeitia eta Lasaoko langileen ordezkariek. "Gu Euskal Herrian gaudela eta negoziazioa bertan eman behar dela esan diogu zuzendaritzakoei; alegazioa ere sartu dugu. Hurrengo bilera, hilaren 26rako deitu du zuzendaritzak, Madrilen eta bertan ere lau enpresetako ordezkariek hartuko dugu parte", azaldu du Lasaoko langileen ordezkariak.