197/2006 doktrina indargabetzea eskatu eta berau aplikatuta duten euskal preso politikoak, tartean gure herritar Juan Karlos Arruti Paterra, berehala aske uzteko eskatuz egiten ari garen kanpainaren baitan, atzo, apirilaren 17an, Arartekoaren justizia arloko aholkulari juridikoarekin elkartu ginen. Bertan, 197/2006 doktrinaren nondik norakoez hitz egiteaz gain, Paterra-ren kasua azaldu eta egiten ari garen sinadura bilketaren berri eman genion.
Berak ere doktrina honekiko bere desadostasuna adierazi zigun, giza eskubideen aurka doala argudiatuz, eta egiten ari garena bezalako ekimenak aurrera eramatera animatu gintuen, garrantzitsua delako horrelako doktrina eskubide urratzaile baten aurrean herri bezala, horrek dakarren aniztasunarekin, gure desadostasuna adieraztea. Gainera, sinadura bilketa amaitu ostean kontaktuan jarraitzea adostu dugu, aurrerantzean jarraitu beharreko pausoez hitz egiteko.
Beraz, guk ere herritar guztiok animatzen zaituztegu zuen sinadurarekin doktrina anker hau geldiarazten laguntzera. Ostiral arratsaldero herriko plazan egongo den mahaian ez ezik, herriko hainbat tabernetan, ikastetxetan, gaztetxean zein beste hainbat lekutan duzue sinatzeko aukera, eta kanpaina amaiera bitartean herriko beste auzo batzuetan ere izango da sinatzeko aukera. Dena den, aurrera begira jakinaraziko ditugu egun eta toki konkretuak. Bukaera maiatzaren 18an, Elkartasun Egunean, izango da, eta egun horretan ere izango duzue sinatzeko aukera.
Guztion artean lortuko dugu!
azpeitiaherrira.com