Urolako EH Bilduk "babes osoa" azaldu dio zapatuko manifestazioari

Uztarria.eus 2013ko api. 18a, 18:42

Bailarako sare industrialean gertatzen ari diren lanpostu galera eta lan-baldintzak okertzearen aurrean kezka agertu du eta Corrugadosen bi enpresen egoera jarri dute adibide bezala.

EH Bilduk Urola bailarako sare industrialean gertatzen ari diren lanpostu galera eta lan-baldintzak okertzearen aurrean kezka agertu du, "aspalditik gaude krisian baina azken hilabeteotan eraginak bortitzak dira", adierazi du. Urolako EH Bilduren ustez, krisia ordaintzen ari direnak herritarrak dira, eta hori "gogor salatu" du.

Adibide bezala, Corrugadosek Azpeitian dituen bi enpresen egoera jarri dute EH Bildukoek. "Enpresa horien itxierak eskualdeko ehunka familiari eragiten die, zeharka edo zuzenean, eta ondorioak bailara osoak sufrituko ditu. Enpresako arduradunei, enpresa ez ixteko eta lanpostuak mantentzeko eskatzen diegu, horretarako, behingoz, sinesgarritasuna duen bideragarritasun plana aurkezteko eskatuz".

Hori dela eta, zapaturako, apirilaren 20rako, Azpeitian Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeak deitutako moblizazioari "babes osoa" azaldu dio.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide