Errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbitea luzatu du Udalak

Uztarria.eus 2013ko api. 19a, 18:30

Iazko kanpainan, Azpeitian guztira 7.822 aitorpen aurkeztu ziren eta horietatik 2.387 egin ziren euskaraz (%30,52). "Euskararen aldeko hautua goruntz doa urtetik urtera, poliki-poliki bada ere", nabarmendu dute.

Azken urteetan egin izan duen bezala, eta beste hainbat udalen antzera, Azpeitiko Udalak ere errenta aitorpena euskaraz egitera animatu nahi ditu azpeitiarrak. 2012ko errenta eta ondarea aitortzeko kanpaina abian du Gipuzkoako Foru Aldundiak -apirilaren 16an hasi zen eta ekainaren 25a arte luzatuko da- eta, besteak beste, herritarrek aitorpena gaztelaniaz ala euskaraz egitea aukeratu dezakete, horretarako dauden modalitate ezberdinetan.

Azpeitian, iaz, guztira 7.822 aitorpen aurkeztu ziren eta horietatik 2.387 egin ziren euskaraz (%30,52). "Euskararen aldeko hautua goruntz doa urtetik urtera, poliki-poliki bada ere", Udaleko Euskara Patronatuan diotenez. Herriko euskaldun kopurua hartuta, euskararen hautua apala da oraindik. Eta, hala ere, guztira Azpeitian aurkeztu izan dira azken urteetan euskarazko aitorpen gehien Gipuzkoan, Donostia alde batera utzita. Batez bestekoari dagokionez, berriz, lurraldeko 10.000 biztanletik gorako herrien artean Azpeitikoa da altuena.

Azpeitiko datuen eta errenta kanpainan euskara aukeratzeko gaineko informazioa dakar Euskara Patronatuaren Erabili.com webguneak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide