Iraurgi da Euskal Ligako Lauko Final guztietan talde bat sartu duen klub bakarra

Hydraulicsek Lauko Finala Azpeitian jokatuko du. (Iraurgi SB)

Glual Hydraulicas ISBk eta Movilquick Azpeitia ISBk junior mailan eta Grupo Zaher ISBk eta Gerdau Azkoitia ISB kadete mailan jokatuko dituzte txapelketak.

Harrobiko lana ahalik eta txukunen egitea du filosofia moduan Iraurgi SBk, eta helburu hori aurrera eramaten saiatzen da buru-belarri denboraldi bakoitzaren hasieran. Teknifikazio mailatik hasi eta Zilarrezko Adecco ligara arte, 30 talde baino gehiagorekin lanean jarduteak garbi uzten du kluba trinko dabilela. 300etik gora neska-mutilekin lanean gogor ibiltzea gauza bat da, eta horri emaitza onak gehitzea, bestea, eta hori ere lortzen ari da Iraurgi SB. Izan ere, Euskal Herrian, Euskal Ligako Lauko final guztietan talde bat sartu duen klub bakarra da Iraurgi.

Euskal Ligan, junior mailako mutiletan, Glual Hydraulics ISBk, lehen fasea bigarren postuan amaitu zuen, eta bigarren fasean ere postu berean dago partida baten faltan. Beraz, Lauko finala jokatzeko txartela poltsikoan dauka.

Movilquick Azpeitia ISB-ri dagokionez, jaun eta jabe izan zen junior nesken mailako Euskal Ligako lehen fasean. Bigarren fase hasieran arazo asko izan zituzten lesioak medio, baina bigarren itzuli bikaina egin eta gero, Final four-erako txartela lortu zuten.

Antzeko zerbait gertatu zaio kadete mutilen Grupo Zaher ISB-ri. Lehen fase irregular xamarra egin eta gero, larri antzean lortu zuen bigarren faserako txartela, eta bigarren fase horretan ere justu-justuan ibili da eta aurreko astean Easori zazpi puntugatik irabazi eta gero, Lauko finalean egongo da.

Gerdau Azkoitia ISB da laugarren taldea. Kadete mailako neskek sekulako lehen fasea jokatu zuten eta bigarren amaitu zuten lehenarekin garaipenetan berdinduta. Bigarren fasean larriago ibili dira, baina laugarren sailkatu ziren eta Final four-ean izango dira.

Junior mailako mutilen Lauko Finala, Azpeitian

Dagoeneko erabaki dira “Lauko Finalak” zeintzuek eta non antolatuko dituzten eta antolatzaileetako bat Iraurgi SB izango da, Apirilaren 27 eta 28 Azpeitiko kiroldegian jokatu delarik Junior mutilen mailako Euskal Ligako “Final Fourra”. Beraz, Glual Hydraulics ISB taldeak zer egiten duen ikusteko aukera egongo da Azpeitian. Final-erdiak larunbatean, hilak 27 izango dira 10etan eta 12etan. Finala berriz, igandean jokatuko da arratsaldeko 18tan. Espainiako Txapelketarako txartela dago jokoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide