Corrugados ixtearen kontra manifestazioa egin dute ehunka lagunek

Uztarria.eus 2013ko api. 20a, 15:28

Ehunka lagunek hartu dute parte manifestazioan. (Onintza Lete)

Ehunka herritarrek, Corrugados enpresako langileek eta sindikatuetako nahiz udaletako ordezkariek hartu dute parte manifestazioan. Gallardo Taldeak joan den astean aurkeztu zien Corrugados Azpeitiako 300 langileak eta Corrugados Lasaoko 38 (plantillan 68 daude) kaleratzeko baliatu nahi duen Lana Erregulatzeko Txostena (LET). Manifestazioko argazkiak ikusteko egin klik hemen.

Gaur, zapatua, Corrugados enpresa ixtearen kontrako manifestazioa egin dute ehunka lagunek. 12:00etan abiatu dira plazatik, eta bertan bukatu dute Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeko ELA eta LABeko kideen agerraldiaren ostean.

Herritarrez eta langileez gain, bertan izan dira, besteak beste, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Pello Bastarrika Azkoitiko alkatea, Azpeitiko Udaleko Bilduko hainbat zinegotzi, Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Amaia Muñoa ELA sindikatuko idazkari nagusiaren ondokoa, Unai Martinez ELAko metalgintzako arduraduna, Alberto Cristobal LABeko metalgintzako arduraduna, Jon Ander Goñi LABeko metalgintzako arduradun nazionala eta Asier Imaz industria federazioko idazkaria.

Joan den asteazkenean aurkeztu zien Gallardo Taldeak Corrugados Azpeitiako 300 langileak eta Corrugados Lasaoko 38 (plantillan 68 daude) kaleratzeko baliatu nahi duen Lana Erregulatzeko Txostena (LET), Madrilen taldeak dituen bulegoetan. Datorren asteartean aurkeztuko du Gallardok LET-a, Madrilgo epaitegian.

Manifestazioko argazkiak ikusteko egin klik hemen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide