Uztarriak 'Errezildarren ateraldiak' liburua saltzeko postua jarriko du plazan, Liburuaren Nazioarteko Egunean

Uztarria.eus 2013ko api. 22a, 13:23

'Hau da 'Errezildarren ateraldiak' liburuaren azala.

Sei euroren truke salduko du, baina Uztarriaren bazkideek erdiprezioan eskuratu dezakete. Udalak argitaratutako liburu guztiak ere bost euroren trukean daude salgai gaur, asteartea, udaletxeko arkupetan, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Udal liburutegian bertako zerbitzuen berri emango diete hala nahi dutenei.

Uztarria Komunikazio Taldeak bat egingo du gaur, apirilaren 23a, Liburuaren Nazioarteko Egunaren ekitaldiekin. Horrela, 11:00etatik aurrera Sanagustinpean postua jarriko du Uztarriak, argitaratu berri duen Errezildarren ateraldiak liburua saltzeko.

Joan den zapatuan aurkeztu zen Errezilen Laxaro Azkunek, Imanol Lazkanok eta Joan Jose Eizmendi Loidisaletxe-k egindako lana. Liburuaren salneurria sei eurokoa da, eta prezio horretan erosi ahal izango da bihar ere. Uztarriaren bazkide direnek, ordea, erdiprezioan erosteko aukera dute, bai bihar, bai aurrerantzean ere, Uztarriaren egoitzara etorrita (Perez Arregi 1 behea, Telefonicaren egoitza zaharrean).

Uztarriaren bazkide ez direnek, berriz, Azpeitian (Belaetxe eta Iratzar liburudendetan eta Mendizabal tabernan) zein Errezilen (dendan eta Borondegin) erosi ahal izango dute liburua aste honetan hasita.

Udalaren liburuak eta Udal Liburutegia

Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, Azpeitiko Udalak ere orain artean argitaratu dituen liburuen eskaintza berezia egingo du. 10:00etatik 13:00etara bitartean Udalaren liburuak 5 euroren truke erosi ahal izango dira, udaletxeko arkupetan. 

Bestalde, Udal Liburutegiak liburu eskaintza zabala egingo du, eta liburutegiko zerbitzuen berri emango zaie hala nahi duten herritarrei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide