Aitor Zubizarreta: "Saskibaloian lotsagabea naiz eta hori gustatu zaie Portland-en"

Urola Kostako Hitza 2013ko api. 23a, 19:01

Aitor Zubizarreta ekainean joango da AEBetara. (ANE OLAIZOLA)

Aitor Zubizarretak Portland Pilots taldean jokatuko du datozen lau urteetan, hango unibertsitateak eskaini dion beka bati esker.

Aitor Zubizarreta saskibaloi jokalariak (Azpeitia, 1995) bizimodu berri bat hasiko du ekainaren 28an. Azpeitia-Azkoitia Iraurgi ISB-ren arabera taldeko harrobiko "harribitxietakoa" den jokalariak Amerikako Estatu Batuetako NCAA-1 ligan jokatuko du datorren urtetik aurrera. Izan ere, Portland-eko Unibertsitateak beka bat eskaini dio datorren lau urteetan bertan ikasi eta Portland Pilots taldean jokatu ahal izateko.

Gustura jaso al duzu eskaintza?

Oso gustura jaso dut. Korreo elektronikoz egin zidaten proposamena, eta orduan galdegin zidaten ea hurrengo urtean hara joateko prest egongo nintzen, eta eskaintza pentsatzeko eskatu zidaten. Halaber, lekua bertatik bertara ezagutu nezan hara joateko gonbidatu ninduten.

Azpeitia-Azkoitia Iraurgi ISBko harrobiko jokalaria izanik, zer eragin dizu halako proposamena jasotzeak?

Iaztik pentsatzen hasita nengoen hurrengo urtean Estatu Batuetara joatea. Hango zazpi unibertsitate interesatu ziren nitaz, eta pentsatu genuen Portland zela lekurik egokiena ikasi eta saskibaloian jokatzeko. Euskal Herrian oso zaila da ikasketak eta saskibaloia uztartzea. Ikasketa aldetik ere, unibertsitate ona da. Gainera, lehengusu bat bertan bizi da, eta bertara joatea nahi nuen lehenagotik ere.

Zertarako aukera emango dizu Portlandeko esperientziak?

Batetik, unibertsitateko ikasketak egiteko aukera emango dit, baina baita jokalari eta pertsona bezala hazteko ere. Saskibaloiaren inguruan egingo dut hango bizia, eta etorkizunerako balio izango didala uste dut. Aukera baldin badut, etorkizunean saskibaloian jarraitzea gustatuko litzaidake. Estatu Batuetan ongi jokatzen badut, hango esperientziak beste eskaintza batzuk jasotzeko balio izango dit itzultzen naizenean. Oro har, Portlanden asko ikasiko dudalakoan nago.

Badakizu Portlandeko unibertsitateak zer baloratu duen zutaz hara joan zaitezen?

Saskibaloian jokatzeko orduan pixka bat lotsagabea nintzela esan didate. Haien ustez, beldurrik gabe aritzen naiz jokoan, eta hori gustatu zaie. Eskolta eta antolatzaile bat nahi zuten talderako, eta nik postu horietan jokatzen dut. Horrez gain, nire indarguneak hirukoak direla esan didate.

Nola uztartuko dituzu saskibaloia eta ikasketak Portlanden?

Campusa oso handia da, eta han arituko naiz batean zein bestean. Enpresaritza ikasketak egingo ditut, eta eskoletara joan aurretik entrenatuko naiz saskibaloian. Liga horretan jokatzen dutenek, gainera, asko bidaiatzen dute, eta unibertsitateak asko laguntzen ditu kirolariak.

Oraintsu Portlanden izan zara, ezta?

Bai, Aste Santuko oporraldian joan nintzen hara. Herrialdeko unibertsitaterik txikiena da hangoa; 6.000 ikasle inguru ditu. Hemengoekin alderatuz gero, ordea, izugarri handia da.

Hango taldearekin izan al zenuen hartu-emanik?

Bai, bi entrenamendu saio egin nituen. Ni baino sendoagoak eta handiagoak dira hango jokalariak. Esan zidaten neuk ere gehiago sendotu beharko nuela, eta gimnasioan aritzeko etxerako lanak ere bidali zizkidaten.

AEBetan desberdin bizi al dute saskibaloia?

Euskal Herriaren aldean, Estatu Batuetan gehiago bizi dute saskibaloia. Jokalariek ez dute dirurik irabazten, baina gauza asko ordainduta izaten dituzte. Nik jokatuko dudan taldean, esaterako, sei entrenatzaile izango ditut. Azpiegiturak ere hobeak dituzte. Gainera, ikusle aldetik jarraitzaile gehiago izaten ditu kirol honek.

Txikitatik zabiltza Iraurgin. Zer eman dizu taldeak?

Azken bi urteetan talde nagusian aritu naiz jokoan; besteak beste, AEBetako jokalariak daude bertan, eta horiek erakutsi didate saskibaloia nola bizi duten han. Oro har, asko ikasi dut taldean. Saskibaloian jokatzen bertan ikasi dudala esan dezaket.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide