Corrugadosetik langileak kaleratzeko txostena aurkeztu dute Madrilen

Uztarria.eus 2013ko apirilaren 24a

Corrugados enpresako langileek mobilizazioekin jarraitzen dute.

Atzo, asteartea, aurkeztu zuen Alfonso Gallardo Taldeak lau enpresari (Corrugados Azpeitia eta Lasao, tartean) eragiten dion Lana Erregulatzeko Txostena, Madrilgo Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioan. Ostiralean  Madrilen bilera dute, eta enpresa bakoitzarekin banaka negoziatzeko eskatuko dute Azpeitiko bi lantegietako ordezkariek.

Joan den asteazkenean aurreratu bezala, Alfonso Gallardo Taldeak Madrilgo Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioan atzo, asteartea, aurkeztu zuen lau enpresari eragiten dion Lana Erregulatzeko Txostena; tartean, Corrugados Azpeitiatik 300 langileak kaleratzea proposatu du, eta Corrugados Lasaoko 68tik 38 langile kaleratzea. Hala, orain Azpeitiko bi enpresetako langileen ordezkariek aurkezten dituzten eskaera eta salaketa guztiak Espainiako Auzitegi Nazionalak, aztertu beharko ditu, Madrilen. Corrugados Azpeitiako eta Lasaoko enpresa batzordeek salatu egin dute txostena Madrilen aurkeztu izana.
 
Taldeko lau enpresari eragiten dion txosten bakar bat aurkeztu du Gallardok, eta horrekin ere ez datoz bat Azpeitiko bi enpresako langileen ordezkari sindikalak. "Enpresen egoera desberdina da. Beraz, enpresa bakoitzak bere negoziazioa behar duela eskatu dugu", dio Imanol Larrañagak, Corrugados Lasaoko Enpresa Batzordeko presidenteak.

Banaka negoziatzea

Ostiralean Madrilen bilera dute Gallardo Taldeko buruekin, 12:00etan. Bertan, negoziazioa Euskal Herrira ekartzeko eta enpresa bakoitzarekin banaka negoziatzeko eskatuko dute langileen ordezkari sindikalek. "Garrantzitsua da enpresa bakoitzak bere aldetik negoziatzeko aukera izatea", esan du Corrugados Lasaoko langileen ordezkariak. Horrez gain, Corrugados Azpeitiakoek nagusiei enpresa ez ixteko eskatuko diete.
 
Joan den asteazkenean Gallardo Taldeak langileak kaleratzeko Lana Erregulatzeko Txostena aurkeztu behar zuela jakin zutenean, Azpeitiko bi enpresetako langileek ordezkariek Eusko Jaurlaritzari presazko bilera eskatu zioten. "Bilera lotzen hasita gaude", zioten atzo goizean langileek horri buruz galdetuta.
 
Corrugados Lasaon lanean ar dira egun hauetan. "Materiala badator lantegira, eta gu lanean ari gara", azaldu du Larrañagak. 

Azpeitikoa geldirik

Corrugados Azpeitian, berriz, langile ia gehienak lanera joanez, baina materialaren faltan lanik ezin eginda, geldi, daude. "Laminazioan datorren astelehena arte ez daukagu zereginik", dio Esteban Kanposek, Enpresa Batzordeko kideak. Bihar, ordea, Donostian epaiketa dute. Langileek oporren inguruan jarritako auziaren gainekoa. "Guk legez dagokiguna eskatzen dugu: denbora, ordaintzea eta kotizatzea". Enpresak akordiorako proposamen bat egin zien langileei, baina segidan enpresa ixteko asmoa jarri zien mahaigainean. 
 
Larunbatean Azpeitian egindako manifestazioan herritarrengandik jasotako babesarekin gustura agertu dira, eta itxieraren kontra eta lanpostuen alde segituko dutela diote.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide