Hekimenek Ertzaintzaren jarrera gaitzetsi eta Arbelaitzi elkartasuna adierazi dio

Uztarria.eus 2013ko apirilaren 24a

Kazetariek nahi duten ikuspuntutik informatzeko duten eskubidea aldarrikatu du Herri Ekimeneko Euskal Hedabideen Elkarteak. Uztarria Komunikazio Taldea ere Hekimeneko kide da.

Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak elkartasuna agertu nahi dio Lander Arbelaitz Argia aldizkariko kazetariari, AskeGunea hustutzeko operazioaren barruan jasotako tratua dela eta.

Hekimeneko kide sortzaileetako bat da Argia aldizkaria, eta Hekimenen helburuetako bat da euskal hedabideen presentzia eta eragina handitzea gizartean. Horretarako, ezinbestekoa da gero eta informazio kalitatezkoagoa eskaintzea. Hekimenen ustez, Lander Arbelaitz informazio zuzena emateko ahalegin betean ari zen Ertzaintzak, eskuan zeukan akreditazioa kontuan hartu gabe, lurrera bota, astindua eman eta bertatik atera zuenean.

Hekimenek, gainera, guztiz ezegokitzat jotzen du Ertzaintzako buruek hartu zuten erabakia kazetariak gune itxi eta bereizi batean zedarritzeko. Kazetarien oinarrizko eskubideetako bat da informazioa ahal bezain hurbilen eta, batez ere, nahi duten ikuspuntutik eman ahal izatea. Hori da kazetaritza. Hori da gure lana.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide