Zaplastekotik esnatzen

Urola Kostako Hitza 2013ko apirilaren 25a

Krisia gogotik ari da astintzen Azpeitia. 1.059 langabeturekin, beste 300 langile kalean gelditzear dira, eta dendak bezeroz husten ari dira. Pixkanaka bada ere, erakundeak eta norbanakoak erreakzionatzen hasiak dira.

Herri oparoa zen ekonomikoki Azpeitia, AEBetan sortutako krisia bertara iritsi zenean. Isilean batzuetan, oihartzun handiagoarekin beste batzuetan, enpresak ixten, autonomoen pertsianak jaisten eta hainbat eta hainbat langileri LET aplikatzen ari dira (Lana Erregulatzeko Txostena) 2008tik. Eraikuntzari gogor eragin dio krisiak, eta Azpeitia bete-betean dago sektore horri lotuta. Altzarigintzak eta enpresa eraikitzaileek herrian duten pisua da horren lekuko. Hain zuzen, Corrugadosen egiten duten materiala bera ere eraikuntzan erabiltzen da, eta gaur egun ia 400 pertsonari ematen dio lana enpresak. Gauzak asko aldatu ezean, Azpeitiko Corrugados lantegiko 300 langileak eta Lasaoko Corrugadoseko 38 langile kale gorrian izango dira laster.

Hala, zenbakiei erreparatu besterik ez dago urte gutxitan Azpeitiko egoera nola okertu den ikusteko: 2008tik langabezia tasa ia hirukoiztu egin da, 372 langabetu izatetik 1.059 langabeturainoko bidea eginda. Gizarte Zerbitzuetako arduradunek esku artean dituzten datuak ere esanguratsuak dira oso: ia laukoiztu egin dira azpeitiarrek jasotako diru-laguntzak 2008tik 2012ra. Eta aurtengo urteak ez du itxura samurragorik. Hori uste du, behintzat, Azpeitiko Gizarte Zerbitzuetako arduradun Edurne Zubiak: "Udazkenean egoera larritu egingo dela uste dut. Izan ere, oraindik langabezia saria jasotzen ari diren askori amaitu egingo zaie diru hori".

2008. urtean 499.000 euro jaso zituzten azpeitiarrek bakarkako diru-laguntza gisara; iaz 1.869.000 euro. Eta aurten kopurua igo egingo dela aurreikusi dute Udalean. Denentzat iritsiko den galdetuta, Zubiak esan du Azpeitiko Udalak laguntzak bermatzeko asmoa duela: "Borondate politikoa badagoela dirudi; hau da, Udaleko agintariek beti esan digute ahaleginak egingo dituztela eta dirua ez bada iristen, Udalak berak jarriko duela". Kontuak kontu, Zubiak ez du aurtengo daturik aurreratu diru kantitateari dagokionez. Diru-laguntza kantitatea bezala, noski, laguntza horren beharra duten familia kopurua ere igo egin da: 111 familia laguntzetik 396 familia laguntzera pasatu dira azken lau urteetan.

Enpresa txikiak zutabe

Azpeitian, inguruko herrietan bezala, enpresak txikiak dira nagusiki. Beste behin, zenbakiei erreparatu besterik ez dago: enpresen %91,9k 10 langile baino gutxiago dituzte. Iaz, esaterako, jarduera ekonomikoa duten 1.242 gune zeuden Azpeitian, 10 langile baino gutxiagokoak.

Horien artean kokatzen dira dendariak eta tabernariak, kasu. Aurrera egin nahi bazuten, elkartzeko beharra sentitu zuten merkatariek 2008an. 110 bazkide ditu gaur egun Bertan merkatarien elkarteak, eta egoerarekin kezkatuta azaldu dira. Herrian "mugimendu gutxi" sumatzen dute, eta urte gogorra aurreikusten. "Gero eta jende gutxiago dabil kalean eta tabernetan. Guk ikusten duguna da egun batzuk jai dituztenean kanpora irteten jarraitzen dutela azpeitiarrek, eta herrira itzultzen direnean, hemengo kontsumoa jaisten dutela", azaldu dute elkarteko kideek. Udalak eurekiko duen jarrerarekin kexu dira: "Gure eskaerak eta proposamenak ez ditu aintzat hartzen". Irtenbideak "orain" behar dituztela nabarmendu dute. "Hemendik bost urtera beharbada ez dugulako hemen jarraituko". Dena ez da kritika, ordea. Arlo batzuetan elkarlanean ari dira bi parteak, eta datozen hilabeteetarako zenbait ekimen prestatzen dihardute. "Batez ere gazteek herrian kontsumitzeko ekimenak antolatu nahi ditugu". Inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dute lana egin beharra: "Elkartean ez dauden merkatariei gurekin bat egiteko dei egiten diegu, denon artean lan hobea egingo baitugu. Herritarrak ere animatu nahi ditugu Bertan txartela eskuratu eta erabiltzera, abantaila mordoa aurkituko dutelako". Maiatzean Parisera bidaia bat zozkatuko dute, esaterako.

Dendak hutsik, eta Sindikatu Zaharra beteta. Enparan kaleko lokalean hainbat ikastaro ematen ari da Urola Erdiko langabetuak prestatzeko. Gizarte trebakuntzak eta lana aurkitzeko tekniken ikastaroa jasotzen ari dira 15 herritar, eta haietako bat da Ines Sanchez. Lana aurkitzea "oso zaila" dela azaldu du, "dena oso geldirik" dagoelako. Nahiago luke lanari lotutako ikastaroak beharrean lan eskaintzak balira, baina ezin aukeratu. Eguna joan, eguna etorri, nola egin aurre bizitzari? "Egunaren arabera, batzuetan alaiago eta besteetan okerrago egoten gara. Gainera, orain gauzak zailago daude; lan eskaera igo den neurrian, lana aurkitzeko exijentzia gehiago daude".

Sindikatu Zaharretik gertu dago LABen bulegoa. Aitzol Aristorena eskualdeko arduradunak askotan hitz egin behar izan du Corrugados enpresaz nahiz krisiaz. Baita Andoni Eizmendi ELAko eskualdeko Metaleko arduradunak ere. Eizmendik argi du zein den hartu beharreko norabidea: "Gurea dena lortzeko langileek eta hain gaizki pasatzen ari den jendeak bat egin, antolatu eta borroka bidez sistema bera aldatu behar dugu errotik, justizia sozialaren eta gure herriaren askatasunaren alde", azaldu du. Ildo beretik mintzatu da Aristorena ere: "Botere ekonomikoaren estrategia oso argia da, langileen errentetatik kapitalaren errenten aldeko esku aldatze bat lortzea, horretarako sektore publikoaren suntsiketarekin jarraituz eta pribatizazioei ateak irekiz eta lan eskubideak txikituz. Presio soziala areagotu eta borroka indartu beharra dago hartu nahi dituzten neurriak eragozteko".

Bakoitza ahal duen moduan ari da aurrera egin nahian: langabetuak ikastaroekin; Corrugadoseko langileak lanari eusteko mobilizatuz; eta erakundeak ahal dituzten erremintak eskainiz.

Enplegua sustatu nahian

Azpeitian abian dute Urola Erdiko Enplegu Plana. Baina plan estrategikoa prestatzen ere ari dira, herri mailan, helburua 2025 urtean jarrita. Sukalde lanetan dago oraindik azken hori, baina aurten aurkeztekoak dira.

Enplegu Plana Lanbideren diru laguntzari esker jarri dute martxan, eta 170.000 euroko aurrekontua du aurten. Kopurua behin-behinekoa dela zehaztu du Ione Artola Azpeitiko Udaleko teknikariak. "Hainbat eragilek elkarrekin bailararen egoera sozioekonomikoa aztertu ondoren" diseinatu dute Enplegu Plana, eta hiru arlo bultzatu nahi dituzte: kontratazioa, heziketa eta autoenplegua.

Kontratazioaren arloan, eskualdeko hainbat entitaterekin lankidetza itunak sinatu dituzte. "Ekologiarekin eta ingurumenarekin erlazionatutako lanpostuak sortu ditugu", azaldu du Artolak. Sei hilabetetarako, sei pertsona kontratatu dituzte Baserritik.com, Urkome, Loiola Berrikuntza, Ingurugiro Fundazioa eta Beizama Bizi erakundeek. Lanean hasiak dira jada, irailera bitartean. Kontratazio baldintzei dagokienez, Lanbidek finantzatuko du langile horien lanbide arteko gutxieneko soldata, "eta gainontzekoa entitate kontratatzaile bakoitzak bere gain hartuko du".

Heziketa arloan, hiru ikastaro antolatu dituzte: Geriatria laguntzailea ikastaroa; Merkataritza kudeaketa eta nazioartekotzea ikastaroa; eta IKT web aplikazioen garapena ikastaroa. Azkena Mondragon Unibertsitateak eskainiko du, eta merkataritzakoa, berriz, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak. Ikastaro bakoitzak 10 eta 20 partaide artean izango ditu.

Autoenplegu proiektuarekin, azkenik, aholkularitza zerbitzua eskainiko dute, eta aurten herritar batek hartuko du parte.

Ekimen guztiek helburu bera dute: lana sortzea. "Hori da lehentasuna. Heziketa arloari garrantzia handia eman diogu, langabetuek lan merkatuari aurre egiteko prestakuntza hobea izan dezaten nahi baitugu. Lanaren faltan, hura aurkitzea erraztu nahi diegu". Eskualdeko sei herri sartzen dira ekimen honetan: Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil eta Zestoa. Enplegu Plana Urola Erdian ez ezik, Urola Kostako Udal Elkartea osatzen duten herrietan ere martxan dute; Aian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian, alegia. Langabetuen heziketari garrantzia handia emango diote kosta partean aurten ere. Eskualdearentzat estrategikoak diren sektoreetan, bost ikastaro eskainiko dituzte: altzarigintza arloko lanbide heziketako ikastaro bat, nekazaritza-elikagaien inguruko bi ikastaro eta ostalaritza, merkataritza eta turismo arloko beste bi. Horrez gain, bigarren urtez Talentu Ihesa Ekiditen programa jarri dute martxan. Hala, eskualdeko gazte kualifikatuen eta enpresen arteko lankidetza bultzatuko dute.

Eskualdeko enpresekin ere ari dira lanean Urola Kostako Udal Elkartean, eta arlo horretan helburu nagusia zein den argi dute, Oihana Iribar teknikariaren hitzetan: "Eskualdeko enpresen nazioartekotzea bultzatzea da helburua aurten. Batez ere krisiagatik barne eskariak izan duen beherakada ikusita, enpresek ezinbestekoa dute kanpoko merkatuetara jotzea. Eta orain arte hemengo enpresek arlo horretan izan duten esperientzia oso mugatua izan da. Horregatik, gure helburua eskualdeko enpresei, eta, batez ere, enpresa txikienei, laguntza eskaintzea da prozesu horretan". Nazioartekotzeko foro edo lantalde bat abiatu berri dute eskualdeko zortzi enpresekin batera, arlo horretan aurrerapausoak emateko.

Ororen gainetik elkarlanerako garaia da honako hau. Ekaitza pasatzean, banaka nahiz taldean, arloz arlo, sakonki hausnartzekoa izango da.

Langabezia

  • Azpeitiko langabezia tasa. 2013ko martxoko datuen arabera,Azpeitiko langabezia tasa %15,5 da (1.059 lagun). Gizonezkoena batez bestekotik behera dago (%14,20) eta emakumezkoena gora (%17,10).

  • %14,90. Gipuzkoako langabezia tasa Azpeitikoa baino pixka bat baxuagoa da, martxoko datuen arabera: %14,90.

  • %19,20. Urola Kostako herrien artean, Aizarnazabalgoa da kezkagarriena, biztanleen %19,20 langabezian baitaude.

2008-2013 arteko langabezia datuak Azpeitian

  • 2008. 372
  • 2009. 623
  • 2010. 733
  • 2011. 811
  • 2012. 910
  • 2013. 1.059

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide