Burumakur dago Eneko Etxeberria (Azpeitia, 1971) udaletxeko bere bulegoan. Krisiaz elkarrizketa ematea onartu du, eta neke itxura du aurpegian. Galderei erantzuten hasi denean, ordea, aulkian tenteago jarri da, eta indartsuago azaldu da. Nekeak alde egin diola dirudi. Egoera ekonomikoa txarra da herrian, eta horri aurre egiteko erremintez hitz egin du.
Azpeitiko Udalak Corrugadoseko langileei elkartasuna adierazi die. Baina hortik harago, idatzi bat kaleratu du, herritar guztiak lehentasuna direla esanez.
Herrian jende asko ari da egoera gogorra bizitzen: kaleratu asko daude, enpresa asko itxi dituzte, merkatari, autonomo pila batek galdu du lana. Horregatik, kezka azaldu du udal gobernu honek, eta gure elkartasuna adierazi nahi izan diegu krisiaren eragina sufritzen ari direnei, orokorrean. Guretzat lehentasun guztia du krisi ekonomikoari aurre egiteak. Corrugadosi ere erakutsi diogu elkartasuna, beldurtzeko eragina duelako. Tren bat jarri nahi zuten Zumaiaraino, Pasaiako Portuaren trafikoaren %30 eragiten du, eta Donostiako ingurabideak Corrugadoseko kamioiak handik pasatzen zirelako zeukan proiekzioa, Lasaon enpresarentzat eginda dagoen egitura sekulakoa da... Horrek ez du esan nahi instituzioak eta Udala enpresa handiez bakarrik kezkatzen garenik, baina handiek ere merezi dute gure esfortzua.
Corrugadosen gauzak beste era batera planteatu al zitzaketen sindikatuek eta euskal erakunde publikoek, emaitza itxiera izan ez zedin?
Ez da erantzuteko galdera erraza. Baina nik uste dut kasu honetan, ardura nabarmen bat falta dela: enpresa falta da. Enpresak bere lanak egin izan balitu, eta aurkeztu izan balu bideragarritasun plan bat, bere zailtasun guztiekin, baina gauza sinesgarri bat, hortik etorriko ziratekeen irtenbide guztiak, nire iritzian. Eta instituzioak laguntzeko egongo ginatekeen. Ugazaba batek krisi egoera baten aurrean plan bat aurkeztu behar du: neurri gogorragoekin, txikiagoekin... baina plan bat, erreala. Eta ematen duenez, badaude elementuak enpresa hori bideragarri izateko, eta hortaz, harridura sortzen du enpresaren jarrerak.
Langileek askotan esan dute enpresa bideragarria dela. Inork mahai gainean jarri al du langileek eurek enpresa hartzea?
Nik entzun dut planteamendu edo aukera hori. Baina entzun bakarrik, eta ez dakit kalean entzun dudan, Uztarrian, ala entzun diodan enpresaburuari. Baina ez dakit zer baldintzatan egin den, seriotasunarekin egin den, proposamen erreal bat den, aztertu den ala ez... Instituzioei behintzat proiektu enpresarial gisara ez zaigu planteamendu formalik iritsi.
Langileek hor dituzte euskarri gisara sindikatuak. Langabetuen kopurua Azpeitian hirukoiztu egin da krisi garaian. Haientzat euskarria bailarako Enplegu Plana izan al daiteke?
30.000 herritar gara bailaran, eta diagnostiko batetik abiatuta egin dugu Enplegu Plana. Alde batetik, guretzat epe luzerako estrategia bat formazioarena da. Perfil batzuetako pertsonei ezagutza batzuk emanda etorkizuna bilatzeko >aukera emango zaiela uste dugu. Horregatik, bailaran ematen den hezkuntzaren inguruan hausnartzen ari gara, batez ere lanbide heziketaren inguruan. Errealitate bati erantzuteko hobekuntza nabarmenak behar dituela uste dugu. Horretaz gain, kontratazio zuzenak egin nahi ditugu, batzuk egin ditugu, eta bailara ikuspuntutik, zenbait elementu elkarrekin lantzeko apustua egin dugu, besteak beste, turismoaren inguruan.
Azpeitiko Udalak aurtengo aurrekontutik 700.000 euro bideratuko ditu ekonomia arlora.
Azpeitiaren historian sustapen ekonomikorako partida batzuk egin diren aurreneko aldia da. Herri mailako plan propioa eduki nahi genuen, eta udaletxe guztia lehentasun horretan jarri. Ditugun tresnak (lokalak, Azpeitia Lantzen...) horretara jarriko ditugu; Azpeitian enpresak sortzea nahi dugu, eta enpresa berriak diruz >lagunduko ditugu, azpeitiar langabetuak kontratatzeagatik diruz lagunduko dugu; eta formazioaren aldeko oraindik apustu indartsuagoa egingo dugu. Hori da gure plana. Azpeitiko ekonomia batez ere eraikuntzan oinarrituta zegoen: Corrugados eraikuntza da; altzariena eraikuntzari lotutako sektorea da; hemen eta Gipuzkoan ere eraikuntzako enpresak dira indartsuenak. Aldaketaren zutabeak jarri behar ditugu.
Zein dira zutabe horiek?
Horiek adosteko plan estrategiko bat prestatzen ari da Udala. Baina nik uste zutabeak hauek direla: lehen aipatutako formazioa; komunikabideak garatzea (azpiegiturak nahiz garraioko zerbitzu publikoak); eta Azpeitiko lur industriala garatzea. Hortik aparte, ez dago tresna magikorik: dibertsifikazioa, berrikuntza, nazioartekotzea, enpresak harremaneta jartzea elkarrekin, zentro teknologikoekin harremanetan jartzea, merkataritza txikiari laguntzea... Horiek asmatuta daude, eta horiek garatzea da kontua. Hausnartzea ere beharrezkoa da. Corrugados ez da itxi, itxi egin delako. Eredu baten porrotaren aurrean gaude, eredu berri baten oinarriak jarri behar ditugu, tamalez jarri gabe daudelako.
Herriko egoera ikusita, Eneko Etxeberria ez al litzateke aldatuko Leire Etxeberria edo Pello Bastarrikagatik (Zestoako eta Azkoitiko alkateak, hurrenez hurren)?
Nork bere herritarrak zerbitzatzea ohore oso handia da, eta ez nintzateke inorengandik aldatuko.