Eneko Etxeberria (alkatea)
1. "Egoera oso gogorra da. Baina gure jendeak duen formazioarekin, benetan oso-oso gizarte indartsua ikusten dugu. Gauza ikaragarriak egiteko gai gara, eta nik uste dut egoera honi buelta emateko norbaitek bermea badu, guk dugula: azpeitiarrok, azkoitiarrek, bailarakoek. Orain dena oso beltz ikusi arren, panorama berriak irekitzeko gai izango gara. Aurretik pasatu ditugu gogorragoak, eta horrek ematen digu bermea aurrera egingo dugula jakiteko. Guk hemen jarraituko dugu, Izarraitz azpian".
2. "Ekonomiaren oinarriak diseinatzea dagokigu. Lehengo zutabeak 2007ko krisiak goitik behera bota ditu, eta beste ekonomia baten zutabeak jarri behar dira. Ekonomia horrek sozialagoa izan behar du, justuagoa, orekatuagoa... Orain dugun industria gutxietsi gabe. Guk jarraitzen dugu industriaren aldeko apustua egiten, ez dugu orain txirula magikorik aterako zerbitzuak, turismoa, jakintzen arloa... erakartzeko. Azpeitiarron sekretua industria dela uste dugu, hor baditugula gaitasunak, eta sekretu horretan jarraitu behar dugu. Eta inguruko bailarekin loturak, harremanak egitea lortu behar dugu".
3. "Galdutzat ematen ziren balore batzuk berreskuratzen ari direla ikusten dugu. Diruak denak borratu zituela ematen zuen, baina hor daude: elkarri laguntzea, proiektuak aurrera ateratzeko orduak eta orduak sartzea, planteamentuak, bilerak egitea, egotea, sareak sortzea... Une gogorretan lagunak egiten dira, eta nik uste dut hori dela positiboa. Gizarte bat oso dinamikoa dugu, eta oso saretzen ari dena, eta elkartasunarekin, eta hori oso positiboa da. Ikustea hemen Azpeitian krisia sufritzen ari diren herritarrak nola saretu diren, eta elkarren artean nola aurkitu duten laguntza... Sekulakoa da. Balore hori etorkizuna eraikitzeko elementu oso positiboa dugu".
Eider Alkorta (politologoa eta iritzilaria)
1. "Egoera sozioekonomikoaren egiazko diagnosi batetik abiatuz bakarrik eraiki ahal da errezeta. Besteak beste, eta krisi honen erpin bat besterik ez dela kontuan izanda, arduradun publikoek etxebizitzen boom-arekin izaniko itsukeria ezin da errepikatu. Boom horretaz baliatu den erakunde orok konturatu behar du lortu ahal izan dituen diru sarrera eta mozkinekin gainontzekoak kondenatzen ari zela. Egungo ogia, biharko gosea. Eta ez naiz Murtziari buruz hitz egiten ari".
2. "Orain aurrera begiratzeko ordua da, baina atzera ere begiratu behar da krisi honetara eraman gaituzten politikak iraultzeko. Kontua da krisi honetan (ere) arduradun eta biktimen balantza desorekatua dela, eta gizartearen zati batek orain artean bizi izan ez duen krisia pairatzen duen bitartean, krisi hori distantziatik bizi duenik ere badela. Orain arte ontzat emandakoa hankaz gora jartzeko prest al daude arduradun publikoak? Eta gu?".
3. "Egoera beltzenen aurrean sortu ohi dira ideiak eta alternatibak. Beharrak irudimentsu egiten du gizakia, eta ingurumaria aproposa da orain artean kutxetan erdi ezkutaturik ziren proposamenak mahai gainean jartzeko, edo berriak sortzeko. Baita elkartasun sareak eraikitzeko ere, eta zergatik ez, saldu dizkiguten ideia eta behar asko kolokan jartzeko ere bai".
Luis Alberdi (Bertan merkatari elkarteko kidea)
1. "Positiboki begiratu behar da, bestela alferrik ari zara. Nik, esaterako, erakusleihoa aldatzeko ilusioa izaten dut, toki askotatik hartzen ditut ideiak eta jendeak zorionak ematen dizkit".
2. "Udalak lan handia egin behar duela uste dut. Gure kasuan, ez dugu diru asko eskatzen dendariok: garbitasuna, lokal hutsak txukuntzea, herriaren irudia zaintzea... Alkateak esan zuen Udala saiatuko zela saltoki bat irekitzen zuenari lehen urtean diruz laguntzen, eta hori oso ondo dagoela uste dut; jende gehiago animatuko litzateke agian, eta motibatzeko ondo dago".
3. "Jendea herrian erostera, behintzat, animatuko nuke. Kanpoan dagoen gauza bera daukazu herrian ere. Badakit jendeak erosketak Donostian egiteko ohitura duela, baina han dauden arropa berak, kalitate berekoak, daude hemen bertan. Gazteek erosketak herrian egiten hasi behar lukete. Dendariek eta tabernariek lana elkarrekin egitea ere positiboa izango litzateke, pintxo-poteoa bezalako ekimenak elkarrekin antolatuz, esaterako".
Ana Berduz Caballero (Corrugadoseko bi langileren ama)
1. "Ahal den guztia egin behar da enpresarik itxi ez dezaten, ez Corrugados, ez besterik. Egun Corrugadoseko nagusia da bere aldetik egin behar duena, Diputazioa eta Eusko Jaurlaritza ari direlako jada ahal duten guztia egiten. 80 urte dituen nagusi horrek ohartu behar luke berak hanka bat beste munduan duela, eta mundu erdia izorratzen ari dela. Hori da nire iritzia".
2. "Hau ixten bada, Azpeitian zer gertatuko den ezin da pentsatu ere egin. Denok gutxiagorekin aurrera egiten asmatu beharko dugu. Jada ari gara hori egiten, nire seme-alabak bai behintzat, eta gainerakoak ere bai. Corrugados ixteak guztiari eragingo dio, kate bat delako hau. Corrugados ez ixtea da giltza niretzat; gutxiago irabazita ere, ez dezatela itxi".
3. "Gazteak oso etsita daude; nire bilobak hala daude, 19 eta 23 urterekin. Egoera hau gogorra da denentzat, langileen amak garenontzat ere bai. Nik badut mirari baten esperantza, Jainkoak zerbait egingo du. Gallardo [Corrugadosen nagusia] txatar-biltzaile soil bat bezala hasi zen Extremaduran, gora egin zuen gero, eta ez dakit nolatan ez den gogoratzen orain bere hasierako urte zailekin. Enpresa barruan batzuek gauza batzuk gaizki egin dituzte, baina nagusiari enpresa bera axola behar litzaioke".
Jexux Agirre (Iraurgi Lantzen garapen agentzia)
1. "Iraganean asmatu izan dugu, eta honetatik ere irtengo dugu. Nire ustez horretarako ezinbestekoa da, ordea, gure oinarri izan den industria sektoreko ekonomia produktiboa berriz asmatzea eta indartzea. Beharrezkoak ditugu erkidego mailako lidergo politiko sendoa, industrializazio >berri bat bultzatzeko, gure herriko enpresen lehiakortasuna indartu eta etorkizuneko sektore berrietako enpresak sortu ahal izateko. Bestetik, garapen sozioekonomikoaren arrazoi eta oinarri nagusiak pertsonak izanik, gazteak kontuan hartu behar ditugula uste dut, duten heziketa eta prestakuntza maila gure herriko etorkizunaren bermeak direlako".
2. "Goi mailako erakunde publikoei dagokie, gehienbat, krisi >honen aurkako neurri zehatzak hartzea. Horretaz gain, gure esku dagoena egitea ere ezinbestekoa dugu. Neurri zehatzak hartzea dagokigu hainbat arlotan: prestakuntzan, ekintzailetzan, enpresa txikien biziraupenean, enpresen lehiakortasunean eta enpresa berrien sustapenean. Herrira etorrita, Udalaren eta Jaurlaritzaren arteko lankidetza adostu behar dugu, Azpeitira oinarri teknologikoa duten enpresa berriak erakartzeko politikak eta neurri zehatzak hartzeko. Bestetik, eskualdearen komunikazio bideak hobetzeko neurriak adostu behar dira".
3. "Egitura ekonomiko berri bat egituratzeko atarian gaude, eta honek ahalegin handiak eskatzen baditu ere, lidergo sendo eta lankidetzan oinarritutako esfortzuak epe erdi-luzera bere emaitzak emango dituela ziur nago. Beste laguntza batzuk ahalbideratu beharko ditugu, baina azpeitiarrona da batik bat azken erantzunkizuna".
Nagore Uranga (Corrugadoseko langile baten alaba)
1. "Oso galdera zaila da. Nire ustez lanpostu berriak sortu eta lanpostu horiek herritarrei eskaintzea da etsipenaren kontrako errezeta. Udalek lanpostu sozial gehiago sortu behar lituzkete: herriari bultzada emango liokete, jendea kanpotik kontratatu beharrean herritarrak hartuz".
2. "Aurrera begiratu eta ahal den bezala aurrera egin behar da".
3. "Etxeko egoera ikusita, oso zaila da mezu baikorrak ematea, baina egoera txarrak lehenago ere egon direla esango nuke, ez dela lehenengo krisi historikoa, eta atera zirela eta gu ere aterako garela".