Hilaren 30eko grebarako deia egin du LABek maiatzaren lehenean

Urola Kostako Hitza 2013ko maiatzaren 2a

Ehunka lagunek hartu zuten parte manifestazioan. (Onintza Lete)

Azpeitiko kaleak bandera gorriek (LAB) eta moreek (Bilgune Feminista) jantzi zituzten atzo eguerdian. Maiatzaren 1a izanik, Langileen Nazioarteko Egunaren harira protestak egin zituzten sindikatu guztiek. ELAk Bilbon egin zuen nazio mailako manifestazioa; LABek eskualdeka egin zituen eta Urola Kostakoa Azpeitian egin zuen.

Azpeitiko kaleak bandera gorriek (LAB) eta moreek (Bilgune Feminista) jantzi zituzten atzo eguerdian. Maiatzaren 1a izanik, Langileen Nazioarteko Egunaren harira protestak egin zituzten sindikatu guztiek. ELAk Bilbon egin zuen nazio mailako manifestazioa; LABek eskualdeka. Urola Kostakoak Azpeitian bildu ziren, eta eskualde osotik etorri ziren herritarrak manifestazioan parte hartzera. Protestaren amaieran dei egin zieten herritarrei maiatzaren 30eko greba orokorrean parte hartu dezaten. Aitzol Aristorena LABeko eskualdeko arduradunak hartu zuen hitza, eta "mila arrazoi ditugu greba egiteko: EAJren aurrekontuak; pentsio erreforma; eta negoziazio kolektiboaren erreforma, besteak beste", esan zuen.

Aristorenak gogorarazi zuen, lan erreformaren ondorioz uztailaren 7an herrialde mailako hitzarmenak bertan behera gelditzen badira "Patronala lan baldintzen aurkako erasoan jauzi handi bat emateko tenorean" egongo dela.

Greba, krisia "modu bortitzenean" pairatzen ari direnei elkartasuna adierazteko modua ere badela adierazi zuen, eta grebaren helburua zein den zehaztu: "Gure eskubideen aurka egiten ari diren eraso guztien aurrean nahikoa dela esateko eta erabakitzeko eskubidean oinarritutako aldaketa sozialaren prozesuan aurrera pauso bat emateko da".

Ia 5.000 langabetu Urola Kostan

Urola Kostan "ia 5.000 langabetu" daudela ere gogorarazi zuen Aristorenak: "Erreforma eta murrizketek ez dute etenik eta argi ikusten ari gara zein diren bere ondorio ekonomiko eta sozialak". Botere politikoa botere ekonomikoaren menpe dagoela salatu zuen, eta horren guztiaren aurrean LABen estrategia zein den azaldu ere bai: "Egoera honi aurre egin eta aldaketa sozial eta politikorako prozesuan sakontzeko, eskualdez eskualde, burujabetza estrategian oinarrituta, oinarrizko eskubide sozialen defentsan eta bestelako eredu sozioekonomiko baten alde lanean jarraituko dugu, ahalik eta indar metaketa eta mobilizazio eta erantzun sozial handiena lortzen saiatuz".

Bilgune Feminista ere protestan

LABek deitutako protestarekin bat egin zuen eskualdeko Bilgune Feministak. Are gehiago, maiatzaren 30eko greba orokorrerako deia bere egin du, ohar bidez: "Maiatzaren 30ean eredu ekonomiko eta sozial berri baten alde greba egin eta bazterrak astindu eta abiatuko den prozesu sozialean parte hartzeko dei egin nahi diegu herritar guztiei eta bereziki emakumeei".

Herritarren egoera sozioekonomikoak "atzerapauso oso nabariak" jasan dituela uste dute: "Krisi finantziero edo ekonomiko baten aitzakian egundoko murrizketak eragin dituzte langile klasean: lan erreformak; Wert-en hezkuntza erreforma atzerakoia; osasungintzan egindako murrizketak; justizian zenbait esparru pribatizatzeko ahalegina; etxebizitza eskubidearen aurkako urraketak; eta pentsioen erreforma, kasu".

Murrizketa horiek guztiek emakumeei "era lazgarriagoan" eragiten dietela uste dute feministek, gizarteak ezartzen dizkien funtzioengatik: "Familia esparruan zainketaren arduran zein etxeko lanetan, edo ezkutuko ekonomiaren indartzean, esaterako. Inposaturiko genero arauen ondorioz, emakumeok, lan merkatuari zein herrien ekonomiari egiten dizkiogun ekarpenak dira hauek. Lan merkatutik kanpo egiterakoan lan-enplegu bezala onartzen ez direnez, inoiz ez zaie balio ekonomikorik aitortu, edo baloratu ere ez dira egin. Eta lan hauek bizitzak sostengatzen eta elikatzen dituzte egunero, bizitza duinak ahalbidetzeko ezinbestekoak dira". Egoerari aurre egin, eta "herriaren aldaketan eragiteko eta eskubideen defentsan borrokan ari gara emakume langileok", esan dute. Hala, oharrean dei argi bat egin dute, "emakumeon eta herriaren burujabetzaren aldeko apustua eta elkarlanaren alde lan egiteko".

Arratsaldean, mahai-ingurua

Eguerdiko manifestazioaz gain, herri bazkaria eta mahai-ingurua ere egin zituzten atzo. Bazkaria Sanagustinen izan zen, 14:30ean hasita, eta 40 bat lagun bertaratu ziren. Mahai-ingurua, berriz, Berdura plazan izan zen 17:30etik aurrera, eta 60 bat herritar izan ziren bertan. Arratsaldeko ekitaldia Elkar-ekin mugimenduak antolatu zuen, Herritik aldaketa izenburupean, eta Herriko hainbat eragilek hartu zuten parte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide