'Baserritik.com'-ek webgune berritua aurkeztuko du ostiralean

Urola Kostako Hitza 2013ko mai. 2a, 19:01

Aurkezpena festa giroan egingo dute, Sanagustin kulturgunean, arratsaldeko azokaren ondoren. Bailarako produktuen ekoizleen elkarteak sareko atari propioa izango du aurrerantzean.

Baserritik.com-ek, bailarako produktuen ekoizleen elkarteak, webgune berritua aurkeztuko du bihar, ostirala, eta horren aitzakian festa antolatu dute Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.

Bi urteko ibilbidearen ondoren, sareko atari propioa izango dute aurrerantzean; izan ere, "aurreko webguneak ez zigun guk nahi beste aukerarik ematen", adierazi du elkarteak. Baserritik.com-en helburua da Urola Kostatik beste eskualdeetara salto egitea, eta webguneak horretarako bidea irekiko diela uste dute: "Honetan aritzen garen elkarteak sakabanatuta gaude, baina iruditzen zaigu guztiok aterki berdinaren azpian egon behar dugula. Beste eskualdeetara ere iristea nahi dugu, eta norabide horretan egingo dugu bidea".

Webgunea aurkeztu baino lehen, Azpeitiko udaletxe azpian ostiralero egiten den azokan hartuko dute parte, 17:30etik aurrera. Azokaren amaieran, berriz, elkarte barruko ekoizleen produktuekin osatutako otarra zozkatuko dute. Atariaren aurkezpena 20:00etan izango da, Sanagustinen. 21:00etan bailarako produktuekin egindako afaria egingo dute bertan, eta hara joateko txartelak dagoeneko eros daitezke www.sanagustinkulturgunea.net helbidean, 19 eurotan. Afaloste musikatuarekin amaituko dute festa, Gatibu taldeko Alex Sardui eta Mikel Caballeroren eskutik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide