Urola Erdiko bost ikastetxetako DBH 4ko eta Batxilergoko 280 ikasle inguruk etorkizunean bailaran sortu daitezkeen lan aukerak ezagutzeko prozesuan hartuko dute parte. Ekimena Loiola Berrikuntza Ezagutza Gunearena da, Gerolan programakoa.
Programaren helburua bailararen egungo egoera sozioekonomikoaren berri ematea da, baita eragileak ezagutaraztea ere. Horrekin batera, eskualdeko etorkizuneko balizko erronken eta aukeren inguruko informazioa erraztuko diete prozesuan parte hartzen duten ikasleei, "ikasketak edo lanbidea aukeratzerako orduan baliagarria izan daitekeen informazioa eskuartean izan dezaten", azaldu dute Loiola Berrikuntzakoek.
Prozesuan landuko duten gai nagusia industria sektorea da. Sektore horretan zentratuta, etorkizunera begira eskari handiena izango duten langileen soslaiari buruzko inofrmazioa emango diete ikasleei. Bestalde, konpetetzien artean, taldelana, ekintzailetasuna edota etengabeko prestakuntzaren garrantziaz ere ariko dira prozesuaren baitan.
Bailarako Juaristi TSCO eta Alberdi Mekanizatuak SL enpresetara bisitak egingo dituzte ikasleek.
Proiektu berritua
Datorren ikasturtean ikasleei zuzendutako programa hau "beste ikuspegi batekin" lantzeko konpromisoa hartu dute lau ikastetxek; Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolak, Floreaga Salestar Ikastetxeak, Iraurgi Ikastetxeak eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrik, hain zuzen ere.
Datorren ikasturtean ikasleak protagonista bihurtzea izango dute helburu laurek, "programan bertan jasotzen duten informazioa eta materiala euren kabuz bilduz eta egituratuz".
Programa berrituaren helburu zehatzak hauek izango dira, besteak beste: etorkizunera begira giltzarri diren konpetentzien garapenean jardutea, eta ikastetxeek euren artean elkarrekin ikasteko eta esperientziak partekatzeko espazioak garatzea.
Datorren ikasturterako proiektu berritua adosteko, joan den martxoaren 18an lau ikastetxeetako ordezkariak eta Ezagutza Guneko teknikariak bildu ziren. "Orduan prozesua planifikatzen lagunduko duten pauta komunak zehaztu genituen", azaldu dute ordezkariek. Lantaldeak ekaina bitartean ekintza plana identifikatuko du.