Manresatik Azpeitira, Azpeititik Manresara joateko

Uztarria.eus 2013ko maiatzaren 7a

Manresako turismo enpresa bat Inaziotar Bidea autobusez egiteko bidaiak antolatzen hasi da. Joan den maiatzaren 1ean iritsi zen Azpeitira ibilbide hori egingo duen lehen taldea, eta Loiola bisitatzeaz gain, Sanagustin kulturgunean ere izan ziren. Eneko Etxeberria alkateak harrera egin zien han.

Era berean, Manresako bisitariek hango alkate den Valentí Juventen agur ezkutitz bat helarazi zioten Eneko Etxeberria alkateari. Manresako alkateak elkarlan zubiak bilatzearen onurak nabarmendu ditu, turismo nahiz kultur arloan positiboa ikusten baitu harremanen sendotzea. Azpeititik ere begi onez ikusi da asmo hau, eta zubi horiek eraikitzen hasteko asmoa adierazi zuten.

Inaziotar Bideak Loiolako Inaziok 1522an egin zuen bidea gogorarazten du, Azpeitia eta Manresa lotuz. Oinez burutu ahal den erromesaldi moduan dago pentsatua eta diseinatua, 28 etapatan. Hemendik aurrera, ordea, autobusez egiteko aukera ere izango da. Hain zuzen ere, joan den astean Azpeitian izan zen Kataluniako taldea izan da zerbitzu berri hori erabili duen aurrena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide