Atzo, asteartea, Azpeitiko EH Bildu koalizioko EA, Aralar eta Sortuko ordezkariek hileko azken ostiraletan Herrira bilguneak deituta, euskal presoen eskubideen defentsan egiten den elkarretaratzeari babesa agertu zioten prentsaren aurrean. Bide batez, euren botoemaileei, afiliatuei eta herritarrei maiatzaren 31n, 19:00etan hasita, egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu diete.
Hileko azken ostiraleko kontzentrazioa Giza eskubideak, irtenbidea, bakea lelopean egiten da, eta "ekimen horri bultzada emateko asmoz, hainbat eragilerekin elkarlanean jarri da Herrira, eta alderdi politiko desberdinei babesa emateko eta elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die", azaldu zuen Inaxita Bereziartuak (EA).
"Euskal Herriak bizi duen aro berri honetan presoen egoerak ez du hobera egin", esan zuten: "Txarrera egin du, eta espetxe politikak giza eskubideak urratzen jarraitzen du". Hala nola, gaixotasun larriak dituzten presoak eta ezarritako zigorra beteta dutenak espetxean mantentzen dituztela, eta Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiar presoa 197/2007 doktrinaren ondorioak jasaten ari dela salatu zuten. "Sakabanaketak istripuak eragiten jarraitzen" duela gogorarazi zuten: "Presoak bisitatu ahal izateko milaka kilometro egin behar dituzten senide eta lagunek arriskuan jartzen dute euren bizia".
Egoera honen aurrean "jendearen inplikazioa garrantzitsua" dela esan zuten: "Euskal Herrian gehiengo politiko, sindikal eta sozialak hamaika aldiz eskatu du egoera honekin bukatzeko, eta egoerak antzerakoa izaten jarraitzen duenez, eskaera hori indartzeko garaia dela uste dugu". Azpeitian badela horretarako aukera esan zuten. Hala nola, Paterra-ren etxeratzearen aldeko sinadura bilkera, M18 plazara ekimenarekin bat eginda egun horretan egingo den Elkartasun Eguna, hileko azken ostiraleko elkarretaratzeak... martxan dira.