"Ozeanoak aspaldi bihurtu dira giza jardueraren zabortegi nagusia. Itsasoako hondakin kopuruaren igoera gure kontsumo ohiturekin zuzenean lotuta dago", azaldu zuen atzo Surfrider Foundation Europe taldeko kide Aines Harizmendik, Garbiketa Mundiala ekimenaren aurkezpenean, Getariako udaletxeko pleno aretoan.
Herritarrak itsas inguruan babestearen beharraz kontzientziatzeko eta itsas bazterra garbitzeko asmoz antolatu dute Orruan eta Santiago hondartzan Garbiketa Mundiala. Surfrider Foundation Europe elkarteak, Euskal Herriko, Gipuzkoako eta tokiko surf elkarte eta federazioek, Getariako eta Zumaiako udalek eta Zarauzko eta Getariako hainbat eragilek antolatu dute ekimena, eta herritarrek itsasoan aurkitu daitezkeen hondakinen inguruan hausnartzea lortu nahi dute. Horretaz gain, "gure egunerokoan kutsadura murrizteko egin ditzazkegun jarduerez jardun nahi dugu".
Kutsaduraren aurka
Egun itsasoan eta kostaldean aurki daitezkeen hondakinen %75 plastikoek osatzen dute. "Greenpreace erakundearen arabera, urtero ekoizten diren 100 milioi tona plastikoren % 10ek ozeano etan amaitzen baitute", zehaztu zuten.
Eskualdeko kostaldean ere plastikozko hondakin asko aurki daitezke. Orrua, esaterako, eskualdeko surflarientzat eremu garrantzitsua da, bertan sortzen diren olatuengatik, baina "hondakinez josita" egoten dela salatu zuen ekimenaren aurkezpenean Getariako Gaztetape Surf Taldeko Miren Agirrezabalagak. "Orruan surf egiteko errepide azpitik igarotzen den tunel batetik pasa behar izaten dugu. Eremu hori hondakinez josita egoten da, eta arriskutsua da surflariontzat eta ingurumenarentzat".
Zumaiako Udaleko Ingurumen zinegotzi Aitor Leitzak, bestalde, Urola ibaiak ekartzen dituen hondakinak Santiago hondartzan eta haren atzeko duna babestuetan eragiten dituzten kalteak aipatu zituen.
Orokieta Herri Eskolako Balurdin Guraso Elkarteko kide Andoni Ibargurenen iritziz, "garrantzitsua da haurrei eta gaztetxoei kutsadurak itsasoan eragiten duen kalteak azaltzea". "Pertsonak gara, izan ere, kutsadura hori sortzen dugunak".
Getariako alkate Nika Lertxundik zera azaldu zuen: "Norberarengandik hasi behar du ingurugiroa eta itsasertza zaintzeko ardurak". Horregatik, herritarrak larunbatean hondartza garbiketan parte hartzera animatu ditu.
Garbiketa Mundiala ekimena herritar orori irekia izango da eta parte hartzera animatu dituzte eskualdeko biztanleak. Bertaratzen diren herritarrei arropa lasaiarekin joatea eta edateko ura eramatea gomendatu diete jardueraren antolatzaileek.
Egitaraua:
10:30ean hasiko da ekimena, Orrua eta Santiago hondartzetan.
10:45ean Garbiketa Mundiala ekimena aurkeztuko dute, eta garbiketarako beharrezkoak diren zakar poltsak eta esku larruak banatuko dira.
11:45ean, kontzientziazio saioa egingo da bi hondartzetan, eta bildu diren hondakinak aztertuko dira. Material pedagogikoaren bidez, itsasoak ekarritako hondakinak, akumulazioa eta hondakinen tipologia izango dituzte hizpide. Gainera, kutsadurari aurre egiteko aukera desberdinez ere arituko dira.
12:30ean zabor poltsak bildu eta dagokion edukiontzietan utziko dira.
13:00etatik aurrera Orrua eta Santiagoko hondartzetako bi taldeak parrilada egingo dute Santiago hondartzan.