Txiki eta Otaegiri Zarautzen plaza eskaintzea eskatu du Ahaztuak elkarteak

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko mai. 9a, 12:31

Txiki eta Otaegiren argazkiak omenaldi batean. (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Udalean ere eskaera egingo duela aurreratu du Ahaztuak Elkarteak.  Duela 37 urte hil zituen Francoren erregimenak Txiki zarauztarra eta Otaegi nuarbetarra etakideak, FRAPeko hiru kiderekin batera.

Ahaztuak 1936-1977 Elkarteak Zarauzko Udalari eskatu dio Jon Paredes Txiki-ri eta Angel Otaegiri plaza bat eskaintzeko Zarautzen eta bertan horien omenezko monolitoa jartzeko. Duela 37 urte hil zituen Francoren erregimenak Txiki zarauztarra eta Otaegi nuarbetarra etakideak, eta Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena FRAPeko kideak.

Ahaztuak Elkarteak pasa den astean aurkeztu zuen Paredesen eta Otaegiren omenez plaza bat izendatzeko eskaera formala, Zarauzko Udalean. Gainera, Azpeitian ere eskaera egingo dutela azaldu dute.

Ahaztuak 1936-1977 Elkarteak espero du Zarauzko Udalak gaia datorren asteetan aztertzea. Erantzuna baiezkoa balitz, datorren irailaren 27an, Gudari Egunean, plaza eta monolitoa inauguratu ahal izateko ahal bezain pronto lanean hasteko eskatuko diote Zarauzko Udalari. Izan ere, egun horretan beteko dira Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 38 urte.

Eusko Jaurlaritzak 1960 eta 1978. urteen artean Espainiako estatuaren gehiegikeriak jasandako biktimei aitortza eta ordaina emateko dekretua onartu zuen joan den ekainean. Aitortza horren karietara, Uztarria.com-ek elkarrizketa egin zion Otaegiren lehengusu Mertxe Urtuzagari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide