Udal etxebizitzak alokatzeko oinarriak aldatu eta deialdi berria egingo du Udalak

Uztarria.eus 2013ko mai. 9a, 20:56

Astearteko Udalbatzarrean onartu zuten neurria. Aldaketak udal alokairuko etxeengatik ordaindu beharreko kopuruari eragingo dio, merkatuta.

Udalak alokairuan ematen dituen etxebizitzen errenta ordaintzea merkeago izango da aurrerantzean. Joan den asteartean, Udalbatzak aho batez onartu zuen udal etxebizitzak alokatzeko oinarriak aldatzea, eta oraindik eman gabe dauden gisa horretako etxeak emateko deialdi berria ere egingo dute.

Aldaketak udal alokairuko etxeengatik ordaindu beharreko kopuruari eragingo dio, merkatuta. Salgai zeuden udal etxebizitzek eroslerik ez zutela aurkitzen eta, bere garaian Azpeitia Lantzen elkarte publikoak etxe horiek alokairuan eskaintzea erabaki zuen. "Nuarben ematen du asmatu genuela, bakarra gelditu baitzen alokatu gabe. Baina Enparan kalean egin genuen promozioan bi etxebizitza hutsik gelditu ziren", azaldu zuen Eneko Etxeberria alkateak. 480 euro gehi BEZ izan zen orduan jarri zuten hileko errentaren kopurua eta etxeak erosteko aukerarekin eman zituzten. Zerrendetan zeudenetatik inork ez du onartu eskaintza eta, horrela, Enparango etxe horiek hutsik daude oraindik. Hori ikusita, Azpeitia Lantzeneko administrazio kontseiluak errentaren kopurua 480 eurotik 400 eurora jaistea proposatu zuen, eta proposamen hori onartu egin du orain Udalak.

Euskara plan berria onartzeko konpromisoa

Udalak 2008-2011 eperako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) barruan onartutako plangintzari 2013. urterako luzapena ematea izan zen plenoan hartutako beste erabakietako bat. Eusko Jaurlaritzak EBPN garatu nahi duten erakundeei zuzendutako diru-laguntza deialdia ireki du eta, laguntza horiek eskatu ahal izateko, bi gauza eskatzen ditu, "bat, dagoen planari luzapena ematea; eta, gero, lau urterako plan berria egitea. Udala derrigortuta dago epe horretarako plan berri bat egitera", Eneko Etxeberriak azaldu zuenez. Urte amaierarako euskara plan berria egiteko "konpromisoa" aurreragoko Udalbatza batean landuko dutela aurreratu zuen alkateak.

Gizarte-bazterkeria eta behar larriko egoerei aurre egiteko norbanakoei zein familiei zuzendutako udal-laguntzak arautzeko ordenantza ere onartu zuten astearteko Udalbatzan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide