Alde Zaharra biziberritzeko bizilagunek, eragileek, merkatariek eta Udalak sortutako mahaiaren eskarien karietara, herrigune historikoan hainbat lan egingo ditu Udalak. Hiru gune biziberritzeko lanak egingo dituzte irailaren bukaera bitartean: Olazko Andre Mariaren plazatxoa, Foru Ibilbidea eta Done Jakue.
Olazko Andre Mariaren plazatxoa oinezkotzeko lanak hasita daude dagoeneko. Lanak saninazioetarako bukatuta izatea aurreikusten dute, eta behin bukatuta, oinezkoentzako soilik izango da gune hori. Gainera, komun publikoa ere jarriko dute plazatxoan, lurrazpiko garajeetara jeisteko sarreraren ondoan. Oinezkotzearen ondorioz galduko diren aparkalekuak, Bustinzuriko Errebalean, Inpernu soziedadearen ondoan, dagoen lur zatian egingo dituztela adierazi du Aritz Epelde Zerbitzu Orokorretako zinegotziak. Olazko Andre Mariaren plazatxoa oinezkotzeko lanek 170.000 euroko aurrekontua dute.
Foru Ibilbidean ere hasi dituzte espaloiak zabaltzeko eta oinezkoentzako pasabideak berritzeko lanak. Aritz Epeldek azaldu duenez, Foru Ibilbideko pasabidea herriko gunerik "arriskutsuena eta desegokiena" da: "Ibilgailuak gurutzatu ezinda ibiltzen dira, espaloira ere sartzen dira, eta arriskutsua da bai oinezkoentzat eta bai ibilgailuentzat". Hori dela-eta, arazoari irtebidea emateko, Astotegian oinezkoen bidea ibai ondoan egingo dute. Gainera, Iratzar liburutegiaren eta Koh Thao dendaren artean aterpe bat aterako dute, zati horretan oinezkoen segurtasuna bermatu dadin. Bestaldean, BM supermerkatuaren aurreko espaloia ere zabaldu egingo dute. Aterpea saninazioetarako bukatuta izatea aurreikusten dute, baina Astotegiko oinezkoen bidea irailerako amaituko dutela esan du Epeldek. Lan hauek 625.000 euroko aurrekontua dute.
Alde Zaharra biziberritzeko hirugarren lanak Done Jakue kalean egingo dituzte. Aurki hasiko dituzte haurrentzako parkea berritzeko eta Frontoi Txiki eta parkearen arteko aparkalekua oinezkotzeko lanak, eta 180.000 euroko aurrekontua dute. Done Jakue kaleko bizilagunek egindako eskariari erantzunez, Frontoi Txiki eta parkearen artean dauden aparkalekuak kendu egingo dituzte. Bestalde, umeentzako parkea berritu eta haur txikientzako parkea izateaz gain, 6 eta 10 urte arteko umeentzako jostailuak ere jarriko dituzte.
Oinezkotzearen aldeko neurriak
Aritz Epelde zinegotziak azaldu duenez, "lan horiekin Alde Zaharraren irisgarritasuna hobetu eta bizitza sozialerako eremuak egokitu nahi ditugu. Alde Zaharra oinezkotzeko apustua egin da eta hainbat neurri hartuko dira aurrerantzean". Besteak beste, Alde Zaharreko lau kaleetan pibote bidezko sistema ezarriko dute. Horrenbestez, autoentzako itxita izango dira 13:00etatik aurrera, eta bizilagunek soilik sartu ahal izango dute Alde Zaharreko aparkaleku edo garajeetara.
Bestalde, Bustinzuriko Errebala astegun arratsaldetan eta igandeetan oinezkoentzako soilik egongo da zabalik, eta zapatu eguerditik igande gauera bitartean oinezkoa izango da Alde Zahar osoa. Datorren zapatutik aurrera jarriko dituzte neurriok martxan.