'Aho bizarrik gabe' solasaldia izango dugu Benito Lertxundirekin

Uztarria.eus 2013ko mai. 20a, 14:11

Bihar, asteartea, izango da Benito Lertxundi eta Pako Aristiren arteko solasaldia, 19:00etatik aurrera, Sanagustin kulturgunean. Gonbidatuari aurrez galderak bidaltzeko aukera dago, eta galdera horiek, ahobizarrikgabe@gmail.com helbidera bidali behar dira.

Pako Aristi idazle eta kazetariak osatuko du bikotea eta bera izango da solasaldia gidatuko duena. Aristik asko ezagutzen du Lertxundi, lagunak izateaz gain, esaterako, berari buruzko liburua egina baitu, Mikel Markezekin batera. Iazko maiatzean aurkeztu zuten 'Plazer bat izan duk Benito!' izenekoa. Eta lehendik ere elkar topatu izan dira gisa honetako ekintza batean, Durangaldeko herri komunikabideek antolatuta (bideoan adibidea).

Benito Lertxundi oriotarra izango dugu Aho bizarrik gabe solasaldiko hirugarren gonbidatua —Martxelo Otamendi eta Juan Jose Ibarretxe izan dira aurretik—. Ibilbide luze eta oparoko abeslaria dugu bera, Ez dok amairu kultur mugimenduan ibilitako partaideetako bat eta euskal kantuen zerrendan hamaika lan borobil txertatu dituen sortzailea. Gertuagotik ezagutuko dugu bihar (asteartea) eta ibibideaz gain bestelako gauzen inguruan ere jardungo du. 19:00etan hasiko da solasaldia, Sanagustin kulturgunean.

Jardunaren nondik norakoa zuzentzen Pako Aristi (Urrestilla, 1963) idazle, kritikari, kazetari, gidoigile eta musikaria ibiliko da. Ondo ezagutzen du Lertxundi hark.

Euskal Herriko jende ezagunekin egingo dugun solasaldi ziklo hau Azpeitiko kultura eta komunikazio arloko eragileok antolatzen dugu: Kultur Mahaia-Sanagustin, Uztarria Komunikazio Taldea, Erlo Telebista eta Urola Kostako Hitzak.

Orain arteko solasaldiak:

- Martxelo Otamendi (13-02-19)

Juan Jose Ibarretxe (13-03-12)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide