Guillermo Aizpuru omendu dute Oiartzunen

Uztarria.eus 2013ko mai. 20a, 14:50

Guillermo Aizpuru omenaldiko une batean. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Atzo, igandea, omenaldia egin zioten 1939 eta 1942 urte bitartean, frankismo garaian, gatibu gisa lan egin zuten trabajadoriei. Langile horien guztien izenean Guillermo Aizpuru azpeitiarrak jaso zuen Kattin Ttiki elkartearen, Oiartzungo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aitortza.

Atzo, igandea, omenaldia egin zioten 1939 eta 1942 urte bitartean, frankismo garaian, gatibu gisa lan egin zuten trabajadoriei, Oiartzunen. Izan ere, 12.300 lagunetik gora erabili zituzten eskulan gisa Oarsoaldean, errepideak eta bestelako lanak egiteko. Guillermo Aizpuru azpeitiarra izan zen horietako bat, eta guztien izenean berak jaso zuen Kattin Ttiki elkartearen, Oiartzungo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aitortza.

Oiartzungo Udaletxeko batzar aretoan hasi zuten omenaldia, 11:00etan. Gatibu lanak frankismoan 1939-1942 proiektuaren azalpenaz gain, egiten ari diren bideoaren lagin bat ikusi zuten. Aizpuruk azaldu zuenez, "argirik eta urik gabe, eta ia janaririk gabe bizi ginen". Aizpuru hamazortzi urtean bizi izan zen Babilonia deitutako kanpamenduan.

Martin Garitano ahaldun nagusiak langile horien lana errekonozitu zuen eta gaur egungo presoen egoera gogorarazi ere bai. Oiartzungo alkate Aiora Perez de San Romanek ere hitza hartu zuen eta memoria historikoa berreskuratzearen alde egin zuen, nahiz eta "oso berandu gabiltza" esan zuen.

Eguerdian, Gurutze auzoan panel bat inauguratu zuten. Ondoren, beste panel bat jarri zuten Arritxulo aterpetxean, Lesaka bidean. Aritxulegiko batailoian izandako bizipenen gaineko Basarriren bertsoak kantatu zituzten. Arrantxoa eman zuten ondoren, eta bazkal ostean bertsolariak eta irrintzilariak aritu ziren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide