Azkoitiko erdigunean jokatuko dute aurten II. Azkoitia-Azpeitia erronka

Urola Kostako Hitza 2013ko mai. 23a, 13:04

Iazko probako une bat. (Nerea Uranga)

Azkoitiko eta Azpeitiko taldeak nor baino nor arituko dira etzi, aurreko urteko harrera onaren ondotik. Iaz azkoitiarrak nagusitu ziren erronkan.

Azkoitiarren eta azpeitiarren arteko lehiak bizi-bizirik dirau. Agerian geratu zen iaz, Azkoitiko lagun talde batek antolatutako erronkan. Bi herrien arteko norgehiagokak izan zuen harrera ikusita, aurten launa lagunen arteko desafioa errepikatzea erabaki dute, Azkoitiko kaleetan. Azpeitiarrak errebantxa gosez joango dira ondoko herrira, aurreko urtean azkoitiarrak garaile izan ondoren.

Bigarren erronka honek hainbat aldaketa izango du, ordea. Aurreko urtean Munategi eta San Kutz zeharkatu zituzten lehiakideek, baina aurten ibilbidea herrigunean egin beharko dute. Hala, korrikalariak eta txirrindulariak Azkoitiko bihotzean lehiatuko dira. "Lasterketa ikusgarriagoa egin nahi genuen, herritarrek kirolariak zer-nolako proba egiten ari diren ikusi ahal izateko", diote antolatzaileek. Haien ustez, aurreko ibilbidea "gogorragoa" zen, malda gehiago zuelako.

Aurreko urtean bezala, talde bakoitza bina txirrindularik eta bina korrikalarik osatuko dute. Guztira, bizikletan 20 kilometro eta lasterka 10 kilometro egin beharko dituzte aurten ere, baina ibilbidea desberdina izango denez, iaz baino bira gehiago emango dituzte herrian; hau da, korrikalariek 2,5 kilometroko bi bira egingo dituzte, eta txirrindulariek 2,5 kilometroko lau itzuli. 18:00etan Plaza Berritik abiatuko da erronka, eta handik kale nagusian gora joango dira. Ondoren, gasolindegia eta kiroldegia zeharkatuko dituzte, Julio Urkijo kalera bidean. Handik Ugarteko Igara igerileku aldera joango dira, eta Santa Klaratik barrena itzuliko dira Plaza Berrira.

Aurpegi berriak

Antolatzaileen esanetan, «maila oneko» kirolariek osatzen dituzte taldeak, eta aurtengo edizioak hainbat aurpegi berri izango du. Azkoitiarren taldean, Patxi Mendizabal izango da lehenengo aldiz, eta korrikarako Imanol Larrañaga Bitturi izango du lagun. Bizikletan, berriz, Arkaitz Arakistain eta Jokin Sudupe Pio arituko dira. Horiek aurrez aurre izango dituzte Azpeitiko ordezkariak. Xabier Salegi Otzaka eta Gorka Agirre txirrindulariek lehenengo aldiz hartuko dute parte, eta Xabat Manzisidorrek eta Xabier Lasa Laxak egingo dute lasterka. Talde batean txirrindularia hasiko da lehian, eta bestean korrikalaria; hala, txandakatuz joango dira taldekideak, eta helmugara lehenengo iristen denak irabaziko du erronka.

"Lagunarteko proba" izanik, taldeek ez dute ezer jokoan, eta antolatzaileek nabarmendu dute norgehiagokaren helburua herrian giroa sortzea eta kirola sustatzea dela. Azkenaldian Azkoitian egin dituzten erronketan herritar ugari elkartu direla adierazi dute, eta horregatik gisa horretako probak antolatzeko asmoa azaldu dute.

40 boluntario lanean

Lasterketako segurtasunari dagokionez, antolatzaileek adierazi dute 40 boluntario inguruk zainduko dituztela ibilbidea eta bidegurutzeak. Halaber, ikusle gehien bil litezkeen guneetan hesiak jarriko dituzte. Izan ere, azken egunetan bezainbeste euri eginez gero, txirrindularientzat "arriskutsua" izan daitekeela uste dute, abiada handia hartuko baitute lasterketan. Hala, hainbat bidegurutze itxi egingo dute zenbait unetan. Boluntario gisa lanean jardun nahi duenak, beraz, Azkoitiko Triatloi Taldeko helbidera (azkoitikott@gmail.com) idatz dezake larunbata baino lehen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide