Alde Zaharra, oinezkotzeak eta biziberritzea

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Hamaikabat 2013ko mai. 23a, 18:18

http://hamaikabaturola.wordpress.com/

Hamaikabati positiboa iruditzen zaio Udalak sare urbanoko espazioen oinezkotzea bultzatzea. Hori bai, beti ere bertan bizi direnen eta dendarien adostasunarekin egiten bada.

Baina galdetu beharko genuke, baita ere, kale bat oinezkoentzat egiteak, berak bakarrik, ingurune horri biziberritzen laguntzen  eta jendea erakartzen ote duen.  Eta Hamaikabati iruditzen zaio ezetz. Guk uste dugu kale bat oinezkoentzat egiteaz gain, aldi berean alde zaharraren bizitzan eta aktibitatean benetako inpaktoa izango duten ekintzak planteatu behar direla.

Hamaikabat aspalditik ari da proposatzen Udalaren oinezkotze ekintza hauekin bateragarriak diren ekintza pare bat: Artetxeneko etxea eta aurreko "txaleta" botatzea. Jakina, espazio horien erabilera publikoa lur horien jabeekin adostuz, hauek erabakitzen duten arte zer egin bertan.

Espazio hauek alde zaharraren sarrera naturalak dira eta oso degradatuta daude. Gainera, hiri erdian eta oinezkotuko diren kaleen ondoan kokatuta daudenez, jendea alde zaharrera hurbiltzea erraztuko lukete eta erabilera desberdinak izan ditzakete: aparkaleku mordoxka, parkea, festetarako erabilera edo hondakinen kudeaketarako ere erabili daitezke (auzo konpostajea, edukiontziak...). Alde zaharraren beste puntan Soreasuko parkina daukagu.

Baina, gainera, ahaztuta dauden bi eraikin dauzkagu: Berdura plaza eta Basazabal. Ezin dugu ezer egin bi eraikin hauekin. Bi espazio hauei bizia emanez gero, alde zaharrean inpaktu zuzena izango lukete.

Berdura plaza pusketaka erortzen ari da (zerbait gertatu arte...) eta osasun arazoak ditu. Ezin dugu  ezer ere egin plaza nagusian eta udaletxe aurrean dagoen eraikin honekin. Pausoak ematen hasteko, Hamaikabatek ideien lehiaketa bat egitea proposatu du bere etorkizuna marrazten hasteko.

Eta Basazabal? Erabilera desberdinak izan ditzake. Baina, zergatik ez ekonomiara bideratu? Enplegu gune bezala, ekintzaileentzako, enpresen inkubategi gisa, kurtsoak emateko, enpresei laguntzak bideratzeko, lur industrialaren kudeaketarako, etabar erabili daiteke. Ideia bat da, besterik ez.

Ekintza hauek, beste batzuen artean, proposatu ditu Hamaikabatek 2013ko aurrekontuetarako. Eta aurrekontuen alde bozkatu zuen. 

Aitor Aranguren

Hamaikabateko zinegotzia Azpeitiko udalean

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide