Zapatutik astelehenera ospatuko dituzte Nuarben Trinitate festak

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko mai. 24a, 18:28

Besteak beste, aurten sokamuturra berreskuratuko dute. Azpeititik joan-etorrirako autobus zerbitzua ere jarri dute, Aratzarrekako sanisidroetan bezala.

Nuarben bihartik, zapatua, astelehenera bitartean ospatuko dituzte Trinitate jaiak. Aurten aspaldiko usadio bat berreskuratuko dute: sokamuturra. Bihar arratsaldean izango da zezena Nuarbeko kalean. Zelai Luze ganadutegiko zezenak aterako dituzte. Gainera, sokamuturraren ondoren zezen txikiak ere aterako dituzte. Zezen Beltz elkarteak Zelai Luze ganadutegiari eskerrak eman dizkio, azaldutako "prestutasunagatik".

Garai batean Nuarben izaten zen sokamuturra, baina antolatzea utzi, eta urteetan ez da egin. Iaz antolatzeko saio bat egin zuten, baina pixka bat berandu ibili, eta aurtengorako utzi zuten. Biharko Nuarbeko sokamuturra Zezen Beltz elkarteak, Nuarbeko Festa Batzordeak, sokamutilek eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatu dute.

Aurretik, Nuarben ibili dira sokamutilak eta antolatzaileak zezena nondik ibili begiratzen. "Uste dugu toki polita hautatu dugula", aitortu dute.

Sokamuturra bukatutakoan gaztetxoentzako zezen txikiak ere aterako ditu Zelai Luze ganadutegiak.

Nuarbeko trinitateak zezenekin hasiko dituzte, baina festak segida izango du astelelehen gauera arte. Bihar iluntzean herri afaria egingo dute frontoian, eta ondoren erromeria ere izango dute auzotarrek. Gainera, bihar Lauroba taldeak kontzertua eskainiko du Nuarben.

Azpeititik autobusak

Aurten Aratzerrekako sanisidroetara joateko autobusak antolatu zituen Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeak. Orain, Nuarbeko festetarako ere prestatu dute autobus zerbitzua. Hala, bihar Azpeititik Nuarberako joan-etorria autobusez egiteko aukera egongo da. Azpeititik anbulatorio aurretik irtengo dute autobusek 16:00etan, 22:00etan eta 23:00etan; Nuarbetik, berriz, Azpeitira 20:00etan, 02:00etan eta 04:00etan egongo da itzulerakoa. Autobuseko txartela euro bat kostatuko da.

Egitaraua

Maiatzak 25, zapatua

  • 17:00. Sokamuturra. Ondoren, zezen txikiak. Zelai Luze ganadutegiko zezenak.
  • 18:30. Toka txapelketa eta bertso-poteoa Erniarraitz Bertsozale Elkartekoekin.
  • 20:30. Herri afaria, frontoian.
  • Gero. goizaldera arte erromeria Izer eta Alabier trikitilariekin.
  • 24:00. Lauroba taldearen kontzertua.
  • Goizaldean. Baratxuri-zopa.

Maiatzak 26, igandea

  • 12:00. Meza.
  • 13:00. Azpeitiko Musika Banda Gaztearen kontzertua eta bertara joandako denentzat luntxa.
  • 18:00. Herri kirol jaialdia aizkolari gazteekin: Alkizeta,Otaño eta MugerzaIII.a.
  • 18:00.Haurrentzako puzgarriak.
  • Iluntzean. Izer eta Alabier trikitilariekin erromeria.

Maiatzak 27, astelehena

  • 18:00. Ume jolasak eta txokolate-jana.
  • Iluntzean. Laja eta Narbaiza trikitilariekin erromeria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide