Patxi Gurrutxaga: "130 lagun inguru espero ditugu herri afarian, azken urteotako kopuru handiena da"

Uztarria.eus 2013ko mai. 24a, 21:00

Nuarbeko Festa Batzordean trinitateak prestatzen egin duten ahalegina eta gero, egindako apustuaren emaitza ikusiko dute asteburuan. 

Patxi Gurrutxaga, Nuarbeko auzo-alkatea izateaz gain, Festa Batzordeko kidea ere bada. Zapatutik astelehenera ospatuko dituzte Trinitate Festak. Sokamuturrarekin eta Laurobaren kontzertuarekin, batik bat, apustu berezia egin dute aurtengorako. 

Aurtengo festetan zenbait berrikuntza daude: kontzertu indartsu bat (Lauroba taldea, hain zuzen ere) eta sokamuturra, aspaldiko ohitura berreskuratuz. Zergatik eman duzue pauso hori?

Jende gaztea batu da antolamendura, eta aurreko urteetakoa baino zerbait gehiago lortu nahi genuen. Sokamuturrarena Zezen Beltz elkartearen proposamena izan da, eta Udalak ere bere babesa eman digu. Lauroba bezalako talde bat gurera ekartzea, berriz, apustu sendoa izan da.

Jendeak festetara joan eta ongi pasatu ohi du, besterik gabe. Askotan ez gara konturatzen hor atzean ezkutatzen den lanaz. Zuen kasuan lan handia izan al da festak antolatzea? Zenbat pertsonak jardun duzue horretan?

Bai, ez egin dudarik. Horrelako zerbait antolatzeak beti lan handia ekartzen du atzetik. Gu normalean 15 bat lagun biltzen gara bileretan. Hala ere, badago bileretara joan ez eta gero asko laguntzen duen jendea ere. Festa egunean bertan, mahaiak jartzen, afaria zerbitzatzen... adibidez. 

Kanpoko laguntzarik jaso al duzue?

Zezen Beltz elkartekoak asko arduratu dira sokamuturrarekin; hesiak jartzeaz, horretarako zuloak prestatzeaz... Udalak ere bere babesa eman digu. Laguntza ekonomikoa ez da aurreko urtean baino handiagoa izan, baina hala ere zerbait behar izan dugunean adi egon dira erantzuteko.  

Aurreko urtean ehun bat lagun joan ziren herri afarira. Aurten zenbat jende espero duzue?

130 lagun espero ditugu gutxi gorabehera, azken urteotako kopuru handiena da. Badirudi auzo txikietako festak indarra hartzen doazela pixkanaka, eta horretarako ahaleginak egiten ari gara. 

Beti ere, egon ohi da norbait pentsatzen duena herri edo auzo txikietako festetan ez duela ondo pasatuko. Zer esango zenioke?

Hori esan aurretik probatu egin behar duela! Baliteke, aurreko urte batzuetan musika aldetik trikitia bakarrik egon denez, hura oso gustuko izan beharra bertara hurbiltzeko. Baina aurten ez du aitzakiarik!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide