Amuarrain Arrantza Txapelketa izango da ekainaren 8an

Txapelketan benjamin, alebin eta infantil mailako gazteek hartu ahal izango dute parte. Izena Larrañaga Kirolaken edo Ollagorra Elkartean bertan (kasu honetan, egun eta ordu jakinean) egin beharko da. Izena ematerakoan, nortasun agiriaren kopia, arrantzarako baimena eta gurasoen onarpen orria aurkeztu beharko dira. 

 

Azpeitiko Oilagorra Ehiza eta Arrantza alkarteak XXII. Herri Mailako Arrantza Txapelketa antolatu du ekainaren 8rako. Arrantza lehiaketa benjamin (2003-2004 urteen bitartean jaiotakoak), alebin (2001-2002 urteen bitartean jaiotakoak) eta infantil (1998- 2000 urteen bitartean jaiotakoak) mailakoentzako da.

Izena Larrañaga Kirolaken edo, bestela, ekainaren 6an Oilagorra elkartean eman ahalko da, 19:00etatik 21:00tara bitartean. Inskribatzerakoan nortasun agiriaren kopia, arrantzarako baimena eta gurasoen onarpen orria aurkeztu beharko dira. Gurasoen onarpen orria Larrañaga Kirolaken ere egongo da eskuragarri. 

Txapelketa Urola ibaian egingo dute hilaren 8an. Arrantza saioa 09:30etan hasi eta 11:30ean amaituko da. Dena dela, lehiaketa egunean, arrantzale gazteek 09:00etarako Enparan Dorretxearen aurrera azaldu beharko dute.

Bide batez, eskerrak eman nahiko genizkieke Txalintxoko adiskideei. orain arte txapelketa hau antolatzen jardun dutelako.

Hainbat opari parte-hartzaileentzat

Lehiakide guztien artean hainbat opari banatuko dituzte antolatzaileek, eta arrantzale onenei ere sari ugari emango zaizkie: txapeldun orokorrari eta amuarrain handiena harrapatzen duenari garaikurra emango zaie, eta maila bakoitzeko hiru lehenengoek garaikurra, domina eta oparia jasoko dituzte. 

Bertaratzen  diren gurasoentzako hamaiketako ederra izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide