Ander Usandizagak irabazi du Hondarribiko Triatloi herrikoia

Uztarria.eus 2013ko mai. 28a, 14:36

Zapatuan jokatu zen V. Hondarribiko Triatloia, eta federatu gabeen mailan nagusitu zen Usandizaga. Azpeitiar gehiagok ere hartu zuten parte proban.

Ander Usandizaga azpeitiarra nagusitu zen joan den zapatuan, hilak 25, Hondarribian jokatutako V. Triatloi herrikoian. 208 lagunek bukatu zuten proba, eta Usandizagak 00:37:42 minutu behar izan zituen helmugaratzeko. Bigarrenari, Irungo Iñaki Salaberriari 00:01:36 minutuko aldea atera zion azpeitiarrak, eta hirugarrenak, Francisco Javier Delgado galdakoztarrak, 00:39:31 minutu behar izan zituen proba bukatzeko. 

Hondarribiko hondartzatik abiatu ziren parte hartzaileak, eta 375 metro igerian egin ostean, 10 kilometro egin behar izan zituzten bizikletaren gainean. Gero, lasterketa amaitzeko, 2,5 kilometro egin behar izan zituzten lasterka.

Azpeitiar gehiagok ere hartu zuten parte federatu gabekoen proban. Hemen azpeitiarren sailkapena, eta hemen sailkapen orokorra.

Behin triatloi herrikoia bukatuta hasi zen proba nagusia, eta 452 lagunek bukatu zuten proba. Tartean, Mikel Albisu (01:14:22) eta Jon Roteta azpeitiarrak (01:18:15). Proba nagusian 750 metro igerian, 20 kilometro bizikletan eta 5 kilometro lasterka egin behar izan zituzten parte hartzaileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide