Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean, asteartean, maiatzaren 28an, egin zen hitzaldiak hainbaten kezkak areagotu ditu. Ez da makala datorrena. Espainiatik datorren aintzinako aire bufadak Euskal Herri osoa kutxatzeko aukera du, etorkizun hurbilean aurre egiten ez bazaio. Herri gisa, herri hezkuntza eta Hezkuntza gisa erasotzen digu Espainiako lege anker eta “kontra-erreformista” honek. “Birkonkista” garatzea da helburua, esanez bezala: “EUSKALDUNAK ESPAINOLIZATU BEHAR DITUGU”.
Garbi dago, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai eta Urola Ikastolaren aldetik, inongo inposaketarik gabe, burujabetasun osoz eta herri bakoitzaren edo herri bildumen adostasunez, Europako Herri gisa, geure Hezkuntza behar dugula: geurea, anitza, osagarria, laikoa eta malgua: Euskal Hezkuntza sistema propioa.
Hitzaldian adierazi bezala, badira “hamaika” arrazoi aurka egoteko. Hemen hauek:
- Oinarrizko bi helburu nabaritzen dira legean: Estatu espainolean hezkuntza zentralista eta homogeneoa garatzea, inongo aniztasun sozial, kultural edo historikoak kontuan hartu gabe. Euskal Herriari dagokionez, euskararen koofizialtasuna soilik hartzen du kontuan curriculumak gauzatzerakoan, baina hau ere ikasle/gurasoeen esku izanik, ez murgilketa prozesu baten ondorio.
PISA (Programme for International Student Assessment) ebaluazio internazional probaren esparruak indartzen ditu bereziki (mintza eta idazkera adierazpena eta ulermena; hizkuntza komunikazioa/eleaniztasuna eta gaitasun matematikoa, nagusiki) “enbor ikasgaien” bitartez, Estatu espainolak orain arte lortu izan dituen emaitzak txarrak makilatu asmoz.
- Hamalau urterekin, ikasleak aukeratu beharko du batxillerra ala Lanbide Heziketaren bidea hartuko duen bere emaitzen arabera, eta ez gaitasunen arabera. Horrela eginez, alde batera utziko litzateke ikasleen heziketa integrala, garapen pertsonala eta aukera berdintasuna.
- Bai, hezkuntzaren aurkako legea dugu. Ebaluazioaren filosofia guztiz distortsionatzen da honela definitzerakoan: “…hezkuntzaren kalitatea output-aren arabera (ikasleen emaitzak) neurtu behar da, eta ez input-aren arabera (inbertsio-mailak, irakasle-kopurua, ikastetxe-kopurua, etab.)”. Inbertsioaren eta emaitzen artean harremanik ez dagoela iradokitzen duen adierazpen aldebakar horrek hezkuntzako baliabide materialen eta giza baliabideen murrizketa justifikatzeko balio du.
- Ordezkaritza Organo Gorena da eskola elkarteko kideen partaidetza organoa, guraso, irakasle, ez irakasle eta administrazioaren ordezkariek parte hartzen dutelarik. Berari dagokio eskola bizitzarako funtsezkoak diren erabakiak hartzea eta, dugun autonomia esparruan, jardueren azken erantzulea da. LOMCEk OOGren eginkizunak mugatuko lituzke eta kontsulta organoa izango litzateke: proiektuak, programazioak, arautegiak… ebaluatzeko, proposatzeko, aztertzeko … ahalmena izango luke, baina, ez erabakitzeko. Zuzendariak aldiz erabakiak hartzeko ahalmena izango du arlo ekonomikoan, pedagogikoan eta langileen kudeaketan. Hezkuntza komunitatearen parte hartzeko aukerak murriztuko lirateke.
- Kalitateko irakaskuntza publikoa bermatzeko, ezinbestekoa da erakunde publikoen konpromiso ekonomikoa eskolan behar diren baliabide material eta giza baliabideak izateko. Hezkuntzan inbertitzea etorkizunean inbertitzea da, eta hainbeste milioi euro murriztea gure seme-alaben etorkizunean murriztea da, etorkizuna konprometitzea.
- LOMCEren lehen hiru urteko inplementazioan Madrilek 927 milioi euroko zuzeneko kostuak bere gain hartu beharko ditu. Bestalde, “sendotze kostuak” izango dira. Ezarpenak iraungo dituen hiru urteen ondoren, sendotze fasea hasiko da (2020ra arte). Fase horretan, autonomia erkidegoek ordaindu beharko dituzte legeak sortuko dituen zeharkako kostuak; gastu horietan, berebiziko eragina izango du ikasketak garaia baino lehenago uzteko indizearen murrizketak – zenbat eta ikasle gehiago aritu hezkuntza sisteman, orduan eta gehiago inbertitu beharko da-. Hau da, autonomia erkidegoen inbertsio ahalmenak eragina izango du legea arrakastaz sendotzeko aukeran. Bestalde, proben ebaluazio/zuzenketak ikastetxetik kanpoko arduradunen esku uzteak, berauei dagokion ordainketa arazoa sustatzen du etengabe, lurralde eta ikas-maila guztietan. Legea ezartzeko garaiko kostu hauek, 927 milioi euro, autonomia erkidegoek bere gain hartu eta kudeatu behar dituzte.