Bihar, ostirala, abiatuko da Elkartasun Martxa Azpeititik Kordobara (Andaluzia), eta 35 bat lagun joango dira Kordobako espetxera, Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiar presoari elkartasuna adieraztera.
Bihar, 21:30ean abiatuko da autobusa Azpeititik, eta zapatu goizean iritsiko dira Kordobara. Han, espetxeari buelta emango diote "ohiu eta zarata eginez", eta gero Kordobako alde zaharra bisitatzeko astia izango dute, 22:00ak bitartean.
Paterrak duela hiru urte eta erdi pasa, 2009ko irailaren 10ean, bete zuen ezarritako zigorra, baina 2010eko otsailean 1997/2006 doktrina (Parot delakoa) ezartzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Hori dela-eta, 2019ko irailera arte luzatu zioten zigorra. 2012ko maiatzeko aldizkarian Arrutiren inguruko erreportajea kaleratu zuen Uztarriak.