Hondakinen kudeaketaren inguruko eztabaida jarraitzen duen inork ezin ukatuko du gai honen inguruan azken asteetan mugimenduak izan direla. Bilketa sistema eraginkorren udaberri bat bizi dugulako sentsazioa eman dezake hemengo eta hango adierazpenak entzuteak, edota sinatutako hitzarmenak irakurtzeak. Gaikako bilketa eraginkorrak Zero Zabor norabidean daukan pisuak gaia sakon eta tentuz aztertzera eraman gaitu, hausnarketak eskatzen duen denbora hartuta, mugimenduko ahalik eta talde eta kide gehienen iritziak jasoz horretarako propio egindako batzarrean. Bakoitzak bere aldetik egindako irakurketak ia 100%ean bat egin du besteenarekin, gai honen aurrean Zero Zabor mugimenduaren posizioa irmo eta bateratua dela erakutsiz. Ondorengo puntuetan laburbiltzen dugu.
Adostasunak eta kontsentsuak gauza desiragarria dira, beti ere arazoak konpontzeko badira. Amildegian behera salto egiteko edota arazoari irtenbide errealik ez emateko ados jartzea aldiz larria da.
Gaikako bilketa sistemak aztertzen baditugu, Gipuzkoan honezkero badugu urte batzuetako esperientzia. 2008an jarri zen 5 edukiontzia lehenengo aldiz eta 2009an atez ateko bilketa. Emaitzak garbiak eta eztabaida ezinak dira. Edukiontzien sistemak kasu guztietan porrota izan du, inoiz %40ko gaikako bilketa gainditu ez duelarik 5 urtean. Atez ateko bilketa sistemak erabateko arrakasta izan du, kasu guztietan %70tik gora gaika bilduz jarri eta hilabete bakarrera. Literatura periodistikoak eta alderdi batzuen taktika elektoral deitoragarriek diotena diotela ere, atez ateko bilketa sistemak, eraginkorrak, erosoak, garbiak eta merkeenak dira, eta esan behar dugun guztietan esango dugu, hedabideetako filtroak gure mezuentzako oso sensibleak direla jakinda ere.
Horreraino azken urteotako Gipuzkoako esperientzia, Gipuzkoatik kanpo berretsi daitekeena, Gipuzkoako hondakinen planak (GHHKPO) 2002 urtean jada 15.1 puntuan atzerriko esperientziak aztertzerakoan aitortzen duen bezala.
Emaitza ezaguneko eta frogatutako sistema horiei, hipotesietan oinarritutako esperimendu berriak eranstea proposatzen ari dira hainbat herritan. Bilketa eraginkorra iragartzen ari zaizkigu, proposatutako sistemek horretarako inolako bermerik eskeini ez badute ere. Emaitza ona ematen duela FROGATU ez duen sistema batekin helburua beteko dela esatea kea saltzea da. Kezkagarria da zenbait herritako politikariek irtenbideari muzin nola egiten dioten ikustea. %60, %80 gaika biltzeko helburua adostu, eta akordioan zehaztutako gauza bakarra, helburu hori erdiestea bermatzen duela erakutsi duen bilketa sistema bakarra baztertzea izan baita.
Gipuzkoak premiazko irtenbide bat behar du. Egunero milaka tona zabor ari gara zabortegietara bidaltzen. Zabortegi kutsakorrak ez dira irtenbidea, ezta errausketa bezalako tratamendu garesti eta toxikoak ere. Frogatuta dago gaikako bilketa eraginkorra berma daitekeela. Gipuzkoa egungo egoeratik Zero Zabor eredu batetara gidatzeko plana idatzita eta zehaztuta dago iaztik. Gipuzkoak ezin du presio politiko elektoralisten eta elite baten interes ekonomikoen biktima izaten segi. Gipuzkoa Zero Zabor mugimendutik, bidea zein den erakutsiz ausardiaz eta arduraz jokatu duten arduradun politikoak zoriondu nahi ditugu, eta gainerakoei, beti eman izan dugun mezu argia gogorarazi. Zero Zabor norabidean joateko bidelagun izango gaituzte, Zero Zabor norabidean pausu okerrak ematen badira, salatuko dugu.