Pilota, krosa eta Jubilatuen Eguna Urrestillan, sanjoanen aurreko asteburuan

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2013ko eka. 14a, 18:52

Lasterkariak iazko San Joan Herri Krosean.

Txikuri frontoian gaur, ostirala, izango da Aspeko pilotarien jaialdia: Lasa-Peñagarikano Gorka-Pascualen kontra ariko dira lehen partidan, eta Jaunarena-Barriola Ezkurdia-Zabaletaren kontra, nagusian. Zapatuan, 17:00etan hasiko dira XII. San Joan Herri Krosaren lasterketak, eta igandean erretiratuek izango dute ospakizuna, besteak beste, bazkariarekin.

Urrestillan sanjoanak, urteroko legez, ekainaren 23tik 26ra ospatuko dituzte bete-betean, baina asteburu honetan ere hainbat ekitaldi izango da.

Gaur, ostirala, Txikuri pilotalekuan, profesionalen arteko esku-pilota partidak izango dira, 22:00etan hasita: Lasa-Peñagarikano Gorka-Pascualen kontra ariko dira lehen partidan, eta Jaunarena-Barriola Ezkurdia-Zabaletaren kontra, nagusian. ETBko lehen kateak zuzenean emango ditu partidak.

Herri krosa eta kantujira

Biharko ere beste kirol ekitaldi bat antolatu dute Urrestillan, XII. San Joan Herri Krosa. Kirol lehiaketaren baitan, haur eta gaztetxoentzako lasterketak ere antolatu ditu Festa Batzordeak: 17:00etan, 8 urtera bitarteko haurrek 200 metroko lasterketa dute; 17:15ean, benjaminek 550 metrokoa; 17:30ean, alebinek, 950 metrokoa; eta, 17:45ean, infantilek, 1.190 metrokoa. Haur eta gaztetxo guztien artean dominak eta oroigarriak banatuko dituzte.

18:00etan hasiko da Urrestillako lasterketa nagusia, kadeteek, jubenilek, seniorrek eta beteranoek batera irtengo dute. Baina, mailaren arabera kilometro kopuru desberdina egin beharko dute, hurrenez hurren: 2.300 metro, 4.500 metro eta 8.850 metro.

Maila guztietako lasterketetako hiru aurrenekoek garaikurra jasoko dute eta parte-hartzaile guztien artean hainbat opari zozkatuko dituzte.

Bihar bertan lasterketa aurretik izena emateko aukera egongo da, 5 euro ordainduta. Aurretik izena emateko, berriz, herrikrossa.com webgunera jo beharko da, kasu horretan doan da.

Sanjoanetako krosa bukatu ondoren, festa girorik ez da faltako Urrestillan zapatuan, Bentazaharreko Mutiko Alaien kantujirarekin. 19:30ean hasiko da kanta ekitaldia herriko tabernarik taberna, eta afalondoan ere izango du segida.

Igandean, berriz, Jubilatuen Eguna ospatuko dute Urrestillan. 12:00etan meza eta bukatutakoan Metal Boskoteak kontzertua joko du parrokian bertan. Elizakoak bukatuta, hamaiketakoa eskainiko diete erretiratuei Festa Batzordekoek eta Antxieta elkartekoek. 14:00etan hasiko da erretitaruen bazkaria, zimetarioan; 60 bat lagun espero dituzte antolatzaileek. Bazkalondoan, eguna borobiltzeko, kantaldia izango dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide