Josu Garcia, Garmendipeko bolo jardunaldiko irabazlea

Uztarria.eus 2013ko eka. 17a, 12:47

Ekainaren 9an jokatu zen Gipuzkoako Bolo Txapelketako finala, Garmendipeko bolatokian, eta Garcia azpeitiarrak lortu zuen emaitzik onena. Ekainaren 22an Lehendakari Txapelketa izango da Azpeitian, eta Gipuzkoako Txapelketan sailkatu diren 64 jokalarik hartuko dute parte bertan.

Josu Garcia azpeitiarrak irabazi du Gipuzkoako Bolo Txapelketako azken jardunaldia. Ekainaren 9an  jokatu zen hiru txirlo modalitateko finala, Garmendipeko bolatokian. Sailkapen orokorreko burua, eta beraz, Gipuzkoako Txapelketaren irabazlea, Ibai Diez eibartarra izan arren, Garmendipeko jardunaldiko garailea Garmendipe Bolo Taldeko Garcia izan zen.

Azpeitiko jokalari guztiak Lehendakari Txapelketan

Gipuzkoako Txapelketa amaituta, orain Lehendakari Txapelketan lehiatuko dira Gipuzkoakoan sailkatu diren 64 bolo-jokalari onenak. Norgehiagoka ekainaren 22an izango da, 16:00etan hasita, Azpeitiko Garmendipeko bolatokian. Azpeitiako bolo-jokalari guztiak izango dira bertan. "Zazpi azpeitiarrek hartuko dugu parte Lehendakari Txapelketan, herriko jokalari guztiek", esan du Agustin Garcia Garmendipeko Bolo Taldeko buruak. 

Lehen, Gipuzkoako txapelketa eta Lehendakari Txapelketa egun berean jokatzen ziren. Aurten, ordea, bigarrengoa atzeratzea erbaki dute, txapelketari indarra emateko. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide